AKTUALITATEA


| 2025-05-15 10:32:00

EH Bilduren ekimenez onartu den laguntza lerroak Lanbide Heziketako prestakuntza dualean ikasleen jarraipena egiten duten begiraleen prestakuntzak dakartzan gastuak arintzeko helburua izango du

Araba. 2025-05-15 | Arabako Batzar Nagusiek Lanbide Heziketa dualeko praktikak euskaraz egitea ahalbidetzen duten enpresentzako dirulaguntza lerroa zabaltzeko mozioa onartu dute gaur Batzar Nagusiek EH Bilduren ekimenez.

Natxo Urkixo EH Bildu Arabaren batzarkideak adierazi duenez, «Lanbide Heziketako ikasleek beren hezkuntza prozesua euskaraz burutzeko, ezinbestekoa da dualeko lan-praktikak ere euskaraz egin ahal izatea, eta horretarako zailtasunak izan ohi dira». «Ikasleekin izaten diren monitoreek euskaraz aritu ahal izateko prestakuntza behar izaten dute askotan. Eta prestakuntzak badu bere kostu ekonomikoa, kontuan hartu beharrekoa. Ikastetxeekin ikaskuntza duala emateko elkarlanean diren Arabako enpresak, ikaskuntza hori euskaraz ematera pasatzeko, kostu hori nolabait arinduko luketen halako sustagarriak ere izatea oso baliagarria izango da».

Mozioak Arabako Foru Aldundiari eskatzen dio Lanbide Heziketako ikastetxeekin eta enpresa munduko erakundeekin elkarlanean lan praktikak euskaraz egiteko dituzten premien azterketa egitea lau hilabeteko epean, Lanabes egitasmoaren baitan, gerora enpresetako prestakuntza duala euskaraz egiteko laguntzak eman ahal izan ditzan. Laguntza lerro hori enpresei, merkataritza sozietateei, kooperatiba sozietateei, enpresaburu indibidualei eta profesionalei egongo da zuzenduta. Azkenik, Diputazioari eskatu diote euskarazko prestakuntza duala bultzatzeko neurri horiek Lanabes egitasmoan txerta ditzala.