AKTUALITATEA


| 2025-05-14 11:44:00

EH Bilduren mozio bat oinarri hartuta, aztarnategia erreferente bihurtzeko bertan egin beharreko lanak urtebeteko epean planifikatzea adostu dute talde guztiek, ikerketa, kontserbazioa, dokumentazioa eta zabalkundea uztartuz

Araba. 2025-05-14 | Iruña-Veleiako aztarnategirako Plan Zuzentzailea aurkez dezala eskatzeko EH Bildu Araba batzarkide taldearen mozioa eztabaidatu dute gaur Osoko Bilkuran, eta EH Bilduk, EAJk, PSEk eta Elkarrekin Arabak adostutako mozio bat atera da aurrera.

Adostutako mozioan, Batzar Nagusiek Diputazioari eskatu diote urtebeteko epean aurkez dezala Iruña Veleiarako Plan Zuzentzaile bat, datorren hamarkadan aztarnategian egin beharreko lanak antolatuko dituena. Plan horrek Iruña-Veleiako aurkikuntzen zabalpen estrategia ere jaso beharko du, aztarnategia balioan jarri eta herritarrei han aurkitutakoaren berri emateko. Era berean, Iruña-Veleia biziberritu eta garatzeko 2022-2025 proiektuaren ebaluazioa aurkeztu beharko du Kultura Sailak bere batzordean, Plan Zuzentzailearen oinarri gisa baliatzeko.

Xabier Valdor Arabako Batzar Nagusietako EH Bilduko batzarkideak balioan jarri nahi izan du gaurko mozioak jasotako babes zabala, eta Iruña-Veleiako aztarnategiaren garrantzia azpimarratu du bere hitzartzean. «Ehunka dira bertan aurkitutako arrastoak, antzinako Arabaren testuingurua kokatzen eta ulertzen laguntzen digutenak. Are gehiago, azken informazioek diotenez, baliteke erromatar zirku bat lurperatuta egotea. Aurkikuntza esanguratsu horiek aintzat hartuta, EH Bilduk Iruña-Veleia erreferente bihurtzea du helburu, «ez bakarrik Euskal Herrian, baita penintsulan ere», ikerketa, kontserbazioa, dokumentazioa eta zabalkundea uztartuz. «Azken batean, aztarnategia bere potentzialtasun guztiarekin eta herritar guztientzat berreskuratzeko helburua bete nahi dugu».

Horregatik, EH Bilduk Plan Zuzentzailea beharrezkoa dela uste du, «gehiago ezagutzeko, beharrezkoa delako egin nahi den bidea zein den argi izatea», adierazi du Valdorrek. «Ezin dugu azken urte hauetan bezala edonolako erabakiak hartzen jarraitu».

«Beharrezkoa da, gaur egun dugun ezagutzatik abiatuta, ezagutza hori zabaltzeko lehentasunezko jarduera-ildo batzuk ezartzea. Ikerketa-, dokumentazio-, kontserbazio- eta hedapen-programak egin behar dira, epe labur, ertain eta luzeko helburu argi eta tasagarriekin. Beharrezkoa da aurrez ezarritako aurrekontu-zuzkidura bat izatea, ikerketa modu antolatu eta sistematizatuan bultzatzeko. Azken batean, beharrezkoa da aztarnategiaren berreskurapen zientifikoa planifikatzea, baina beste eremu batzuen nahitaezkotasuna ahaztu gabe, hala nola ezagutza horien zabalkunde soziala, paisaia berreskuratzea eta kontserbazioa».