AKTUALITATEA


| 2024-04-10 18:24:00

EH Bilduk Arabako kanpainaren ekitaldi nagusia egin du gaur Iruña Okan, Mikel Otero eta Itxaso Etxebarriaren parte-hartzearekin.
Bere hitzaldian, Mikel Oterok nabarmendu du EH Bilduk aldaketarako itxaropena gorpuzten duela, baina badirela itxaropen hori zapuzten saiatzen diren indarrak: «"Mamu bat dabil Europan zehar..." idatzi zutenak gogora ekarriz, itxaropen bat dabil Euskal Herrian zehar, eta botere guztiek bat egin dute itxaropen hori zapuzteko. Udal hauteskundeak eta gero saiatu ziren Gasteizen, Gipuzkoan, Durangon, Zigoitian eta baita Kuartangon ere. Aliantza santu horretan Alderdi Popularra ere sartu zuten. Araban hain ondo ezagutzen dugun PP hori. PP euskarofoboa, Aznarren PP, Ayusorena, VOXekin gobernatzen duen PP. Marotoren eta De Andresen PP, Araban hain ondo ezagutzen ditugun politika horiena ».

Frustrazio horren aurrean, Oterok EH Bilduren etengabeko lana aldarrikatu du, aldaketa dagoeneko gertatu dela iritzita. «Ez dakitena da guk pazientzia estrategikoa dugula, gurea xirimiria dela, hezurretaraino bustitzen duen eguneroko lana dela, eraldatzen duena eta aldaketa politiko gisa gauzatzen dena. Eta aldaketa hemen dago, ernatu da, hostoa botatzen ari da eta herrialdea berpizten ari da kimu freskoen berdeaz. Begiratu zuen ingurura, paisaia EH Bilduren berde kolorekoa da. Hauteskundeen ondoren marraztuko diren mapen aurrerapena da. Aldaketaren indarra geldiezina da», adierazi du Oterok.

Arabako zerrendako bigarrenak bereziki nabarmendu du EH Bilduren komunitateak Iruña Okan eta Añana eskualde osoan egindako lana. Oterok, aldaketaren adibide gisa, Iruña Okako aurrekontu akordioak aipatu ditu: PSEk eta EH Bilduk hiru urte daramatzate udalerriko aurrekontuak adosten. Oteroren iritziz, horrek argi uzten du «norekin egin behar den lan udalerriak aurrera egin dezan».

Rocio Vitero Zaramagan

Rocio Viterok, bestalde, Zaramagako kaleak eta 1976ko martxoaren 3ko sarraskiaren lekurik esanguratsuenak zeharkatu ditu gaur.

San Frantzisko elizaren aurrean, Viterok biktimen memoria aldarrikatu du, eta eliza 1976ko martxoaren 3ko biktimak gogoratzeko memoria-zentroa bihurtzea eskatu du: «Guk memoria osoa aldarrikatzen dugu. Eta gaur, beti egin dugun bezala, San Frantzisko Asiskoaren eliza memoriagune gisa aldarrikatu nahi dugu».

Viterok elizaren egoera deitoratu du, eta hondatzea galaraztea eskatu du, biktimen elkarteek merezi duten lekua izango duten memoriala eraikitzeko: «Zoritxarrez, eliza honek, urte hauetako zabarkeria eta utzikeriaren ondorioz, egiturazko arazoak ditu eta erreforma serio bat behar du. Horregatik, erakunde guztiei dei egiten diegu proiektu honetan laguntzeko eta lankidetza sustatzeko, lehenbailehen errealitate izan dadin. Horretarako, ezinbestekoa izango da mugimendu memorialistekin eta, zehazki, biktimekin lankidetza eta aholkularitza izatea. EH Bildutik zentro dinamiko eta didaktiko baten aldeko apustua egiten dugu, sarraskia, arrazoiak eta gertatutakoaren ondorioak azaltzeko». «Francisco, Romualdo, Pedro Mari, Bienvenido eta Josék merezi dute. Balaz zauritutako ehun lagun baino gehiagok merezi dute. Gasteizek merezi du», amaitu du Viterok.