AKTUALITATEA


| 2025-07-16 10:32:00

Zenbait sektorerekiko mendekotasuna ikusita, EH Bilduk Arabako industriaren eraldaketarako, trantsiziorako eta dibertsifikatzeko plan bat sortzea defendatu du, baina gainerako taldeek ez dute babestu

Araba. 2025-07-16 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak sei hilabeteko epean Arabako industriaren eraldaketa, trantsizio eta dibertsifikazio plan bat diseinatzea eskatzen duen mozioa defendatu du Batzar Nagusien osoko bilkuran. Ekimenaren aurka bozkatu dute gainerako taldeek.

Mozioaren defentsan Xabier Valdor EH Bilduko batzarkideak azpimarratu duenez, Araba lurralde industriala izan arren, «bigarren sektoreak gero eta pisu erlatibo txikiagoa du». Zentzu horretan, Valdorrek Arabako industriak automobilgintza, hodiak eta oil & gas bezalako sektoreekiko duen mendekotasuna aipatu du, «testuinguru globalarekiko oso sentikorrak diren sektoreak. Testuinguru hori egunero ikusten dugu ezegonkortasun etengabean. Eta zaurgarritasun hori areagotu egiten da ekologiaren betaurrekoak jartzen baditugu. Planetak ez du asko iraungo kontsumitzeko eta ekoizteko moduak sakonki aldatzen ez baditugu; eta trantsizio ordenatu eta planifikatu bat diseinatzen ez bada, kolapso egoerak gogor kolpatuko ditu automobilgintza edo aeronautika bezalako sektoreak, eta beti bezala, langileek ordainduko dituzte egoera horren ondorioak».

Egoera horren aurrean, Valdorrek industria-politika «askoz ere planifikatuagoa, esparru publiko handiagoa izango duena eta guztien interesa bermatzera bideratuta egongo dena» proposatu du. «Merkatuaren funtzionamendua interes publikoaren edo sozialaren pean jarriko duen industria-politika bat behar dugu, eta, horretarako, garapen ekonomikorako eta berrikuntza teknologikorako norabide bat proiektatu behar dugu, erakundeak eta enpresak merkatu-sortzaile izan daitezen, arriskuak partekatuz bai, baina baita etekinak ere. Eta, batez ere, azken horiek behar bezala banatzeko mekanismoekin».

Horrela, osoko bilkuran atzera botatako mozioak Arabarako industria dibertsifikatzeko plan bat proposatzen zuen, enpresekin, sindikatuekin, unibertsitateekin, talde politikoekin eta beste eragile batzuekin lankidetzan diseinatua, eta lurraldean dauden industriaguneen egoera eta potentzialtasuna aztertzea. «Defendatzen ari den eredua, lehiakortasunaren izenean, arriskuak kanpora atera dituena da, tokiko kate industriala ahulduz, eta inolako kontrolik eta kontrapisurik gabeko lankidetza publiko-pribatuaren alde egiten duena, eta horren aurrean, plangintza eta kontrol publikoan sinesten dugu», ondorioztatu du Xabier Valdorrek.