Mikel Otero legebiltzarkide eta hautagaiak agerraldia egin du gaur Argantzonen, Trebiñuko enklabean, «EH Bilduren konpromisoa mahai gainean jartzeko, trebiñarren eta arabarren borondatea errespetatua izan dadin. Trebiñuko enklabearen existentzia hutsak dakarren anomalia eta zentzugabekeria behingoz amaitzeko konpromisoa».
«Lurralde-antolaketari buruzko eztabaida irekita dago Estatu osoan, eta herrialde honek ezin du alferrik galdu eztabaida horren erdigunean bere asmo legitimoak jartzeko aukera, herri gisa, nazio gisa. Eusko Legebiltzarrean datorren legegintzaldiak definitu behar du, behingoz eta ahalik eta adostasun handienarekin, Euskal Autonomia Erkidegorako estatus politiko berria», adierazi du Oterok.
Lurralde eztabaidak, Oteroren ustez, Trebiñuko egoera gainditzeko ere balio behar du. «Eztabaida hori aukera berri bat izango da, baita ere, behingoz, Trebiñuko enklabearen zentzugabekeria administratiboari amaiera emateko. Trebiñu eta Argantzon Arabako Lurralde Historikoan erabat integratzea defendatuko du EH Bilduk. Izan ere, hori da, eta ez besterik, Trebiñuko enklabeko herritarrek bigarren mailako biztanle izateari uzteko eta eskatzen dituen eskubide eta zerbitzu guztiak berdintasunez eskuratzea bermatzeko modu bakarra».
Horretarako, EH Bilduk uste du administrazioen arteko hitzarmenak ez direla nahikoa, Trebiñuko eta Argantzongo biztanleen beharrak asetzen ez dituztelako. «Administrazioen arteko hitzarmenen eta protokoloen fasea gainditu behar dugu, egoera bidegabe bat kronifikatzeko eta Gaztela eta Leongo erakundeen betoa gainditzeko eta trebiñarren bidezko aldarrikapenei erantzuteko beharrezkoak diren lege-aldaketak egiteko bakarrik balio izan baitu», esan du EH Bilduren Arabako zerrendako bigarrenak.