AKTUALITATEA


| 2024-04-06 12:42:00

EH Bildu Murgian izan da gaur, igandeko Arabako ekitaldi nagusian, Itxaso Etxebarria eta Mikel Otero Eusko Legebiltzarrerako hautagaiekin.

Bere hitzaldian, Mikel Otero legebiltzarkide eta hautagaiak Euskal Herriak aurre egin beharreko erronkak aipatu ditu, eta EH Bilduk azken urteetan egindako proposamenak nabarmendu ditu. «Erronka handiei egin behar diegu aurre: zerbitzu publikoen gainbehera, bizitzaren garestitze orokorra eta etxebizitza eskuratzeko arazoak, arazo ekologikoen pilaketa, produkzio-eraldaketari aurre egiteko beharra... Eta ez, ez ditugu erantzun guztiak, baina apaltasunetik konpontzen saiatu gara. Aurrera egin nahi dugu Herri Itunei esker, eta horretarako hainbat proposamen jarri ditugu mahai gainean: Ongizatearen aldeko Ituna, Trantsizio Energetikorako Estrategia, Industria Politika Ekintzailearen Eredua eta Enpresaren Euskal Eredua... Orain da begirada estrategikoa berreskuratzeko unea».

Gainera, EH Bilduren politika ulertzeko modua nabarmendu du, baita praktikan jartzen duen gobernantza eredu ezberdina ere: «Honetan EH Bildu ere desberdina delako. Guk bestelako politika bat egin eta proposatzen dugu. Guk helburu argiak dituzten gobernuak proposatzen ditugu, elkarlaneko gobernuak, bazterketarik gabekoak... guk herritarren aginduari erantzungo dion gobernu bat eratzeko konpromisoa hartzen dugu. Izan ere, desberdinen arteko lankidetzatik bakarrik aska daiteke herri honen indar guztia».

Horren adibide gisa jarri du EH Bilduko zinegotziek udaletan egiten duten lana: «Zuek erakutsi duzue hori. Bide bat dago egiteko, ziklo politiko berri honetan eredu munizipalista jarraituz. Ez da kasualitatea herri honetan lehen indar munizipalista izatea, edo joan den maiatzeko udal hauteskundeetan lehen indarra izatea. Kilometro zero politikak egiten ditugulako. Eta horretarako aprobetxatu nahi dugu kanpaina hau: eztabaidaren maila igotzeko eta proposamen zehatzak egiten jarraitzeko».

EH Bildu modan dagoela dioen zurrumurruaren aurrean, Oterok adierazi du EH Bilduren nahia dela erakunde eta gobernuetan luze geratzea: «EH Bildu modan dago, baina ez moda iragankor bat. EH Bildu geratzeko iritsi da. Sustrai sakonak dituen mugimendu politikoa gara, orain hedatzen ari dena, presarik gabe baina etenik gabe, herriaren borondateaz besteko mugarik gabe. Are gehiago, EH Bilduren gorakadarekin harrituta dagoenak galdetu dezala zergatik gertatzen ari den. Eta EH Bilduri hainbeste begiratu beharrean, galde diezaiola bere buruari zer egiten aritu den azken urteetan. Dagoeneko amaitu behar dira batzuen irakurketa autokonplaziente horiek guztiak ».

Proposamenak Osakidetzarako

Itxaso Etxebarriak, bestalde, EH Bilduk oposiziotik egin duen lana goraipatu du, Osakidetzaren kudeaketa negargarriaren aurrean. Osasun publikoaren diagnostikoan, nabarmendu du pandemia ezin dela betiko aitzakia izan, eta osasun publikoa Arabako lurralde osora zabaltzeko egindako ekimenak nabarmendu ditu, hiriburutik herri txikieneraino.

«Gure osasun publikoaren gainbehera ikusten ari gara. Azken legealdi hau pandemiarekin hasi zen eta Eusko Jaurlaritzaren kudeaketa eskasaren lekuko izan ginen. Pandemia etengabe erabili izan da euren kudeaketa kaskarra disimulatzeko aitzakia gisa. Hor ikusi dugu oposizioaren lana, etengabeko kontrolarena, EH Bildurena, eragileekin lankidetza estuan eta hobetzeko proposamenak eginez. Hor ikusi ditugu asteroko manifestazioak eta mobilizazioak, besteak beste, landa eremuko osasun zentroetan eta herrietan kalitatezko osasun-arreta aldarrikatuz, Zuian, Zigoitian, lurralde osoan. Eta argi geratu da euren aitzakiak ez direla Osakidetzaren gainbeheraren benetako arrazoia. Kudeaketa izan da euren arazorik larriena, eta, horren aurrean, EH Bilduk diagnostiko zehatza eta proposamen sendoak ditu gure osasuna hobetzeko, Osakidetza hobetzeko.