Gaur goizean egin den ezohiko bilkuran Laudioko Udalak aurrera atera ditu 2025eko ordenantza fiskalak Omnia eta PSEren bermearekin. Hainbat bileraren ondoren, gobernu taldeak akordioak lortu ditu bi alderdiekin, eta proposamenak datorren urtean aplikatzen hasiko diren ordenantza fiskaletan sartu ditu.
PSEk proposatuta, Hondakinak Kudeatzeko Ordenantzan ordainketa zatikatu pertsonalizatua egiteko aukera 3 hilabetera luzatu da, betiere ordaindu beharreko gutxieneko zenbatekoa 25 euro baino txikiagoa ez bada. OMNIA plataformarekin OHZn industria- eta merkataritza-erabileretako gutxieneko katastro-balioak aldatzea adostu da. "Horrela, bizitegi-ondasun higiezinetan oro har aplikatzen dena baino tasa bereizi handiagoa aplikatzen da, industria-erabilerakoak 880.000 eurotik 500.000 eurora igarotzen baitira, eta merkataritzakoak 230.000 eurotik 310.000 eurora. Familia ugarien babes-eremua ere hobetu eta zabaldu da, kolektibo horrentzako hobaria aldatu baita, eta LGSaren 4.5 halako familia-errentarekin lotu", azaldu du Iñigo Martinez Ogasuneko zinegotziak.
Halaber, ordenantzak etxebizitzaren erabilera eta xedapena eragozten duen auzi judizial edo administratiboaren zain dagoen kasu bat jasotzen du.
Datorren urtean aplikatuko diren zergak eta tasak arautuko dituen araudiaren eguneratze horren bidez, gobernu-taldeak zerbitzu publiko onenak emango direla bermatu nahi du. Eta iazko propomesamenarekin jarraituz, 42.000 eurorainoko errentetarako hobarien taulak mantendu ditu. "Aurten, aurreko hobari- sistemarekin alderatuta, hobari subjektibo bidez onuradun izan diren zergadunen kopurua bikoiztu egingo da", aurreratu du zinegotziak. Hobari horietan alokairu publikoko programa baten barruan dauden etxebizitza hutsak ere sartzen dira (Alokabide), edo trantsizio ekosoziala eta, bereziki, energetikoa bizkortzea helburu dutenak.
Era berean, alokairu publikoko ezein programatakoak ez diren etxebizitza hutsei %50eko errekargua mantenduko zaie.
Tokiko zergen kasuan, Hego Euskal Herriko batez besteko KPIaren arabera eguneratzea proposatzen da, hau da, % 2,3. Tasei eta prezio publikoei dagokienez, irizpide berari eutsi zaio, zaborren tasari izan ezik. Izan ere, tasa hori
%50 handituko da, tasak zerbitzuaren benetako gastura egokitu behar direla adierazten duen Europako araudiaren eskakizunetara egokitzeko azken urteetako irizpideari jarraituz.
"Laudion zaborra biltzeko zerbitzua emateko aurreikusitako kostua 1.918.681,19 eurokoa da, eta Europako araudia aplikatuz, oso-osorik finantzatu beharko da udal-tasen bidez. Igoera lineala izango da zerbitzuak biltzen dituen kategoria guztietan ", zehaztu du zinegotziak.
Hileta eta omenaldi zibilen ordenantza behin-betikoz onartuta ez dagoen arren, gobernu taldeak gaiari heldu dio eta gaurko osoko bilkuran hileta zibilen tasa berria ezarri du, 70 eurotan. Datozen egunetan, eta behin ordenantza indarrean sartuta, Udalak herritarrak informatuko ditu.