Arabako Batzar Nagusiek kontzejuek beren herrien hirigintza-garapenean parte hartzea eskatu dute. Horrela jasotzen da gaur onartu eta EH Bilduk bultzatutako mozio batean. Bertan, Eusko Jaurlaritzari eskatzen zaio Lurzoruari eta Hirigintzari buruzko Legea berrikus dezala, kontzejuek beren lurraldearen hirigintza-garapenean aktiboki parte har dezaten errazteko, bai eta etekin ekonomikoen ondorioz dagokion partaidetzan ere.
Ekimen honekin EH Bilduk kontzejuen figura aintzat hartzen ez duen eta kasuistika surrealistak eragin dituen arautegi batetik eratorritako arazoak kopondu nahi ditu. Hala, bizitegi-urbanizazio berriak gertatzen dira, eta, obrak jaso ondoren, kaleak eta espazio publikoak udalen izenean geratzen dira, eta urbanizazio horien zerbitzu publikoak kontzejuek ematen dituzte. Gainera, kontzejuei galarazi egiten die legeak ezarritako hirigintza-aprobetxamenduen % 15 baliatzea.
"Ekimen hau 2024an aurkeztu genuen, eta orduan esan ziguten lurzoruaren legeak gai horiek konponduko zituela, baina ez da horrela izan. Legeak ez dio erantzuten Arabako erakunde-sarearen berezitasunari. Kontzejuek urbanizazio berrien diseinuan eta harreran parte hartzen dutela bermatu behar dugu, ondoren kontzejuei dagozkien oinarrizko zerbitzuak behar bezala mantentzen eta ematen direla bermatzeko", azaldu du Javier Argote EH Bilduko batzarkideak.