AKTUALITATEA


| 2023-09-15 13:11:00

Eskola-garraioan EAE osoan dauden arazoez gain, Añana aldeko haurrak eskolaratzeko taxi zerbitzuan ez dute haiekin batera joango den zaintzailerik, adin oso txikikoak izan arren

Araba. 2023-09-15 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak mozio bat erregistratu du gaur Foru Aldundiari eskatzeko lurraldeko landa-eremu osoan eskola-garraiorako taxi-zerbitzuan zaintzaileak egon daitezela.

Ikasturte hasiera zaila izaten ari da, eskola-garraioan dauden zailtasunak direla eta. Arazo horiek are larriagoak dira Arabako herri txikien eta herri horietan bizi diren pertsonen kasuan. Zehazki, Añana inguruko haurrei taxi-garraioa esleitu zaie eskolara joateko, autobusez joateko ikasle kopuru esanguratsurik ez dagoelako, baina zerbitzu horrek ez du zaintzailerik, nahiz eta adin oso txikiko haurrak izan.

Eva Lopez de Arroyabe EH Bildu batzarkide taldeko bozeramaileak adierazi duenez, «kasu guztietan bermatu behar da zaintzaile bat egotea eskola-garraioan, garraiobide hori edozein dela ere». Egoera horrek, gutxienez, Añanako herri batzuetako biztanleei eragiten die, eta berretsi egiten du «Eusko Jaurlaritzak behingoz barneratu behar duela lurralde-orekaren aldeko benetako apustua, Arabako landa-eremuaren berezitasunak kontuan hartuta, eta, era berean, Aldundiak zaindu behar du Arabako herritar guztiek oinarrizko zerbitzu publikoak baldintza berdinetan eskura ditzaten», Lopez de Arroyaberen esanetan.

Zerbitzu falta

Mozioak eskatzen du zaintzaileak bermatzea lurraldeko eskola-garraio osoan, eta berehala zuzentzea Arabako landa-eremuan dauden gabeziak. Era berean, Aldundiko Lurralde Orekako Sailari eskatu diote bi hilabeteko epean txosten zehatz bat aurkez dezala Arabako landa-eremuko eskola-garraioaren eta jantokien egoerari eta premiei buruz.

Azkenik, EH Bilduk Aldundiari eskatu dio proaktiboa izan dadila landa eremuko eskaerei erantzuteko, zerbitzu faltaren ondorioz despopulazio arazoak saihesteko.