Lan-bolumena kontuan hartuta, espedientea iristen denetik kudeatu eta ebatzi daitekeen arte, 3-4 hilabete igaro daitezkeela argudiatu dute
Araba. 2026-02-09 | Arabako Batzar Nagusiek datorren asteazkeneko osoko bilkuran eztabaidatuko dute EH Bildu Arabaren mozio bat, Arabako Foru Aldundiari eskatzen diona landa-eremuan etxez etxeko laguntza-zerbitzua (ELZ) bermatzeko; izan ere, eskaintzen den zerbitzuak «ez die erabiltzaileen beharrei erantzuten, azpikontratatutako enpresek dituzten aukerei baizik, langile gutxi dituztela alegatzen baitute».
EH Bilduko alkateek 2025eko ekainean salatu zuten egoera hori. Esan zutenez, «Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak adierazi du zaila dela zerbitzu horretan lan egin dezaketen eta lan egin nahi duten pertsonak aurkitzea, eta, beraz, ezin zaie eskariei erantzun erabiltzaileen beharren arabera, baizik eta azpikontratatutako enpresek adierazitako aukeren arabera. Hala, oinarrizko gizarte-zerbitzuei iradoki zaie asteburuetan mugatu egin behar direla arreta-denborak, edo bestela, bi edo hiru hilabete beharko direla beste espediente bat abian jartzeko». Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduko bozeramaileak adierazi du denbora hori hiru eta lau hilabetera arte luzatu da gaur egun.
Lopez de Arroyabek salatu duenez, Gasteiztik kanpo bizi diren pertsonak «zerbitzu eskasa jasotzen ari dira, eta hori ez dator bat beren premiekin eta araudian ezarritako baremoekin, baizik eta enpresa pribatuek langileak eskura dituzten ala ez kontuan hartuta. Horrek guztiak, Arabako Foru Aldundiaren oniritziarekin, beste alde batera begiratzen baitu, ez du eskatzen kontratua betetzea, eta ez du baliabide nahikorik jartzen espedienteak ebazteko atzerapen horiekin amaitzeko».
Horregatik, mozioak Arabako Foru Aldundiari eskatzen dio «Etxez etxeko Laguntza Zerbitzua arautzen duten udal-erregelamenduak osorik betetzen direla bermatzea», eta «ahal diren neurri guztiak ezartzea ELZren erabiltzaileek landa-eremuko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako gizarte-langileek hautemandako premietara egokitutako zerbitzua jasotzen dutela bermatzeko».
«Bada garaia mendekotasuna duten pertsonak behar bezala artatzeko, landa-eremuan etxez etxeko laguntza-zerbitzua indartzeko eta arabar guztiek eskubide berak izango dituztela bermatzeko, baita gizarte-arretaren arloan ere, bizilekua edozein dela ere», amaitu du Eva Lopez de Arroyabek.