Iruraiz Gaunak gaur inauguratu du udaletxe berria Azilun eta bertan udalbatzaren ordezkariek gain, eskualdeko beste alkateek, Arabako Foru Aldundiko Lurralde Orekaren Foru Diputatuak eta bestelako eragileek parte hartu dute.
Duela 8 urte abian jarri zuen Iruraiz Gaunako Udalak eraikinaren berrikuntza. Guztira, 712.00 euroko inbertsioa izan du eta finantzazioan Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Udalak parte hartu dute. Lanak 18 hilabetez luzatu dira.
Iruraiz Gaunako alkatea Iratxe Del Barkok gogoratu duenez birgaitze horren bidez, “eraikin irisgarri, moderno, jasangarri eta energetikoki efizienteagoa” izatea lortu dute batez ere. “Argia eta zabaltasuna irabazi ditugu, lan-espazio erosoagoak eta atseginagoak lortzeko”, azaldu du.
Iruraiz Gaunako egungo alkateak bere aurrekaria gogoratu du. Izan ere, bere agintaldian hasi ziren berritze lanak, baina zoritxarrez “goizegi utzi gintuen bere asmoetako bat egia bihurtu ezinik”. Bere omenez plaka bat jarri da eraikinean. Alkate ohia ezezik, Del Barkok udal langileei ere zuzendu da haiek baitira egunerakotasunean herritarrei entzun eta erantzuten dietenak.
“Eraikinaren berrikuntza hau Udalbatza zinegotzi berriekin berritu den aldi berean gertatu da. Ziklo berri bat hasten ari gara Iruraiz-Gaunako udal-bizitzan. Norabide berri bat jorratuko dugu udalerri honek aurrera egin dezan”, nabarmendu du alkateak.