AKTUALITATEA


| 2022-06-09 09:53:00

Iruña Okako eta Añanako osoko bilkurek EH Bilduren proposamena babestu dute, Añanako eskualdean kudeaketa publikoko adinekoentzako egoitza bat abian jartzeko. Hala jaso zen joan den astean Añanan aho batez aurrera atera zen mozio batean, eta atzo udal talde guztien babesa lortu zuen Iruña Okako osoko bilkuran.

Añanako eskualdean, 1744 pertsonak 65 urtetik gora dituzte, eta populazioa urtez urte zahartzen ari da. Gizarte Zerbitzuen Foru Sailaren memorietan emandako datuei erreparatuz, Kuadrilla honek hiru egoitza pribatu ditu, Gaubean, Erriberagoitian eta Iruña Okan; Eguneko Arretarako hiru Landa Zentro 47 plazarekin eta 14 plaza dituen Etxebizitza Komunitarioa Espejon, horietako hiru eguneko arretarako. “Ikusten dugunez, Kuadrilla honetan adineko pertsonentzako egoitza-arreta zentro pribatuetan eman da, non Foru Erakundeak ez baitu plaza-hitzarmenik”, nabarmendu du EH Bilduren Iruña Okako bozeramaileak, Davide di Paolak.

Hori gutxi balitz, Arabako 9 foru egoitzetatik bakar bat ere ez dago Añanako Kuadrillan. Hori dela eta, udalerri horiek azpimarratzen dute inguruko adineko pertsonek arreta publikoa eta kalitatezkoa behar dutela, eskualdetik atera gabe, eta kudeaketa publiko eta zuzeneko egoitza-zentro bat eraikitzeko premia dagoela.