Trenbideen alternatibei buruzko jardunaldian, Denon Trenaren soluzioa defendatu du, zerbitzu integrala eskaintzen duen irtenbidea.
Gizarte, ekonomia eta tokiko eragileekin benetako elkarrizketa prozesu bat abiatzea defendatu du gaur EH Bilduk Kongresuan, interes orokorrari erantzungo dion trenbide eredu bat zehazteko. Euskal Herriko trenbide alternatibei buruzko jardunaldian egin du Kongresuan. Gainera, EH Bilduk bilera izan du Garraio eta Mugikortasun Jasangarriaren Ministerioarekin, "Burgosen, Araban eta Nafarroan tren publiko eta sozial bat egiteko trazatu eta proposamenaren azterketa" aurkezteko.
David de Andresek eta Kimetz Muntxiak, ikerketaren egileek, berretsi dute AHTren plan ofizialak eredu zatikatua eta garestia eskaintzen duela, merkantziak alde batera utzita. "Oraingo proiektuak bidaiariak bakarrik ditu ardatz, kostu neurrigabeak ditu eta sare konbentzionala kondenatzen du. Espainiako Estatuak munduko bigarren abiadura handiko sarerik luzeena du, baina erabilera ia lau aldiz txikiagoa da. Hori guztia gainkostuak eta etengabeko atzerapenak ahaztu gabe ", azaldu dute.
Horren aurrean, egungo bidearen modernizazio integrala planteatzen da. Azpiegiturei dagokienez, Altsasu-Castejon ardatzeko bidea bikoizten da, eta bihurgune eta saihesbideak zuzentzen dira. Horri esker, 220 km/h-ko abiadurara irits daiteke. Gainera, geltokiak eta geralekuak berraktibatzea ahalbidetzen du, eta, horrela, aldirietako eta eskualdeko zerbitzua hobetzen da, eguneroko mugikortasunerako nahiz distantzia luzerako sare bat sortuz. Eta, azkenik, irtenbide bat ematen dio salgaien garraioari.
Horrela, 25 geltoki eta geraleku abandonatzen dituen AHTren aurrean, Denon Trenak dauden konexioak integratu, modernizatu eta indartzen ditu. Zerbitzu integrala eskaintzen duen irtenbidea da, eta sarea modernizatzea, 16 geraleku berriro irekitzea eta 4 geltoki berri sortzea ahalbidetzen du. Denborak lehiakorrak dira, AHTk 8-12 minutuko ibilbidea baino ez lukeelako aurreztuko (Zortzi minutu Gasteiz eta Iruñea artean eta 12 minutu Gasteiz eta Burgos artea). Eta aurrezkia ia 2.000 milioi eurokoa da Burgos- Castejon ardatz osoan. Gasteiz-Iruñean zatian aurrekontua 500 milioitan murrizten da eta Burgosetik Gasteizerako zatian 600 milioitik gorako aurrezkia da.
Datu horiek eskuan, EH Bilduk berretsi du proiektuen berehalako moratoria abian jarri behar dela, tren publiko eta sozialaren alternatiba sakon garatuko duen ikerketa informatibo zorrotz bat abian jarri ahal izateko. "Tren publikoaren eta sozialaren aldeko apustua egitea, trenbidea errepidearekiko mendekotasuna murrizten duen, gure jendea lotzen duen eta gure ekonomia modu arduratsuan indartzen duen sistema erresilentea den etorkizunaren alde egitea da", nabarmendu dute.
"Egunero ikusgai ditugu alderdi politikoen eta Euskal Herriko erakundeen arteko liskarrak Atlantikoko eta Mediterraneoko trenbide sareen arteko lotura Ezkio-Itxasotik edo Gasteiztik egitearen inguruan. Liskar eta interes alderdikoi horiek alde batera utzita, herritarren gehiengoaren interesa defendatuz, egungo mugikortasun-erronkei modu erabilgarri, iraunkor, azkar eta errentagarrian erantzuteko alternatiba egoki eta zentzuzkoa da gure ustez bilatu beharko genukeen aukera. Eta horretan gaude gaur hemen, Madrilen, abagune hau garrantzitsua dela uste dugulako. Garaiz gabiltzalako egoera hau zuzentzeko eta alternatiba zentzudunak mahai gainean jartzeko, azken urteotako politika erratikoei irtenbidea ematen hasteko”, adierazi dute Mertxe Aizpuruak eta Mikel Oterok.