AKTUALITATEA


| 2026-03-02 10:07:00

Kolektiboaren eskubideak errespetatzeko protokoloa abiatzea eta langileei berariazko prestakuntza ematea proposatu du taldeak

Araba. 2026-03-02 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak mozioa aurkeztu du Arabako Batzar Nagusietan, adinekoen egoitzetan LGTBIQ+ kolektiiboari ematen zaion arreta hobetzera bideratutako proposamenekin.

Eva Lopez de Arroyabe batzarkide taldeko bozeramaileak azaldu duenez, LGTBIQ+ kolektiboaren eta mugimendu feministaren borrokari esker, «gaur da eguna zeinean Araban pertsona ugarik bere sexualitatea askatasunez bizitzeko aukera duten». Hala ere, azken boladan agerian geratu den errealitatea da LGTBIQ+ kolektiboko kideek urteen poderioz lortutako eskubideei uko egin behar izaten dietela zaharren egoitza batean sartzeko momentuan.

«Zaharren egoitza batean sartzeko unea sarritan izan ohi da traumatikoa, dela ingurune hurbila galtzeagatik, dela zeure etxetik ateratzeagatik, edota jende ezezagunarekin elkar bizi behar izateagatik. LGTBIQ+ kolektiboaren kasuan, baina, beste oztopo bat gehitu behar zaio: euren bizitzetan lortutako ikusgaitasunari uko egin behar izatea, eta heterosexual gisa bizi behar izatea, haien nortasuna ezkutatuz», azaldu du Lopez de Arroyabek.

Egoera horrek hainbat ondorio izan ditzake zaharren egoitzetako erabiltzaileengan, segurtasun eza eragitetik osasun mentalaren narriaduraraino, eta horregatik, EH Bilduren mozioan Foru Aldundiari eskatzen diote foru jabetzakoak diren egoitzetan eta itunpeko plazetan LGTBIQ+ kolektiboaren eskubideak errespetatzeko protokoloa abia dezala. Horrekin batera, egoitzetako langileen artean LGTBIQ+ kolektiboaren arretara  bideratutako prestakuntza espezifikoa ematea ere eskatu diote Aldundiari, unean unean nola jokatzeko modua egokitu ahal izateko.

«Uste dugu gai hau gero eta maizago geratuko dela agerian gizarteak aurrera egin ahala, eta ezinbestekoa da antolatuta jarraitzea lortutakoan atzerapausorik ez egiteko. LGTBIQ+ kolektiboa zaharren foru egoitzetan berariaz kontuan hartzea eskatzen dugu, ez besterik», amatu du Eva Lopez de Arroyabek.