AKTUALITATEA


| 2023-07-21 08:59:00

EH Bildu Gasteizko Balkonadann bildu da gaur, igandean "boto subiranista eta ezkertiar bakar bat ezin dela etxean geratu berriro gau magiko bat bizi ahal izateko" azpimarratzeko. Iñaki Ruiz de Pinedo Kongresurako hautagaiak gogorarazi duenez, "indar korrelazioa estua da eta igandean asko dago jokoan". Hori dela eta, gogoratu du "inboluzioak Estatuan bidea irekitzea ekidin daiteke eta era berean, ziklo politikoaren aldaketa sendotu dezakegu Hego Euskal Herrian".

Ruiz de Pinedok hauteskunde-kanpainaren azken egunean adierazi duenez, "kanpaina polarizatua bizi izan dugu, eta ezkerreko subiranistok kontrako zelaian jokatu behar izan dugu". Hala ere, sentsazioak "sinestezinak" dira. "Araba goitik behera zeharkatu dugu, eta bertatik bertara ikusi ahal izan dugu herrialde osoko ziklo politikoaren aldaketa martxan dagoela. Herrialde irribarretsua ikusi dugu, ilusioz betea eta azken lau urteetan EH Bilduk Madrilen egindako lan eskerga aitortzen duena", gaineratu du.

EH Bilduk ziurtatu du historia egiteko prest daudela, eta lehen aldiz Arabako ezker subiranistak Senatuan ordezkaritza izatea lortu dezakeela. Josu Estarrona hautagaiak eskerrak eman dizkie militanteei azken asteetan EH Bilduren mezua eta proposamenak zabaltzeko egindako lanagatik.

Era berean, eskubideetan eta askatasunetan aurrera egiten jarraitzeko EH Bilduri botoa eman behar zaiola gogorarazi du. "Ultra eskuinari eta eskuin muturrari esateko herri honetan ez gaituztela ordezkatzen. Duela 8 urte Gasteizko alkatetza eman genienei esateko -hirugarren indarra izanik- orain PPrekin bozkatzen dutela EH Bildu kanporatzeko eta PSOE jartzeko, hori ez dela bidea esateko. Batuketa, zaratarik egiten ez duen eta konpromisoak betetzen dituen ezkerra posible dela erakusteko. Hori guztia eta askoz gehiago, igandean EH Bilduren boto-paperik ez etxean. Igande honetan berriro marraztuko dugu barre-algara handi bat Araban eta Euskal Herri osoan", ziurtatu du.