Orain arte zenbakiz ezagutzen diren kaleen izenak aukeratzeko prozesu parte-hartzailea planteatu du, baita denboraren poderioz zahartutako egungo plakak berritzea ere
Eskuernaga. 2025-06-18 | EH Bildu Eskuernaga udal taldeak mozio bat erregistratu du, gaur egun zenbakiz ezagutzen diren kaleen izenak aukeratzeko prozesu parte-hartzaile bat abiatzea eta egungo plakak berritzea proposatzen duena.
EH Bildu Eskuernagako bozeramaile Amaia Gilek azaldu duenez, herriko kale-izendegiak «bi arazo handi ditu: alde batetik, zeharkatzen dituzten kaleei erreferentzia egiten dieten hainbat zeharbide ditugu, zenbakiz izendatzen direnak, eta, beraz, nahasgarriak dira herrikoak ez diren pertsonentzat (bisitariak, banatzaileak, zerbitzu publikoetako langileak (Posta, Osakidetza...). Bestalde, egungo kale-izenen plakak nahiko egoera txarrean daude, eta hainbat arazo dituzte: eguzkiak janda, irakurtezinak...»
Horregatik proposatu du EH Bilduk zeharbide horiei izena jartzea, «parte hartu nahi duen herriko jende guztiaren parte-hartze prozesu baten bidez, izenak proposatuz eta gero izenak modu demokratikoan erabakiz». « Izen horiek leku zehatzaren erreferentziak izan daitezke, kale bat izatea merezi duen herriko jendearen izenak edo gertaera garrantzitsuei erreferentzia egitea: Martxoak 8, Maiatzak 1..)». Prozesua irailaren 30a baino lehen abiatzea proposatu du EH Bilduk.
Bestalde, eta bigarren fase batean, EH Bilduk kaleetako plaka guztiak aldatzea proposatu du, zeharbideen izen berriak jarriz eta egungo kaleenak ordezkatuz. «Hori Udalaren egoera ekonomikoaren arabera egingo genuke: aurten edo datorren urtean egin liteke, edo zatika urte bakoitzean, aurten bat eta beste zati bat 2026an», adierazi du Amaia Gilek.