AKTUALITATEA


| 2025-06-17 09:56:00

Herriak biziberritzeak dakarren balio erantsia aitortzeko HerriEkin bereizgarria sortzea proposatu du, baita tokiko erakundeekin eta sektoreko eragileekin hurbileko merkataritzaren mahaia sortzea ere

Araba. 2025-06-17 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak mozioa aurkeztu du biharko osoko bilkuran eztabaidatzeko, lurraldeko herri txikietako denden lana aitortzeko.

Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduko bozeramaileak ekimenaren funtsa azaldu du: «EH Bilduk lurraldeko establezimenduek egiten duten lana aitortzeko eskatuko du, zerbitzu bat ematetik haratago doan balio erantsi hori ikustea nahi dugulako. Herrietako denda txikiei HerriEkin zigilua ematea nahi dugu, zigilu horren bidez, lan hori aintzatetsiko delako, merkataritza horrek herritarrak finkatzen eta herrietako bizi-mailari eusten laguntzen baitu».

Lopez de Arroyabek Eusko Ikaskuntzak berriki egindako ikerketa baten ondorioak ekarri ditu gogora. Bertan, adibidez, 2.000 biztanletik beherako Arabako 31 udalerritan tokiko merkataritza desagertu dela esaten da. Arazo hori gehien pairatu duten eskualdeak dira Arabako Errioxa, Lautada eta Mendialdea, baina ez dago zalantzarik arazoa egiturazkoa bihurtu dela. Txosten horrek ohartarazten duenez, fenomeno horrek «inplikazio sakonak izan ditzake komunitatearentzat eta tokiko garapen ekonomikoarentzat».

Datu horien aurrean, Lopez de Arroyabek esan du «ezin dugula duela hamarkada batzuk egiten zen gauza bera egiten jarraitu. Baldintzak aldatu egin dira, kontsumitzeko moduak aldatu egin dira eta korporazio handiek duten boterea gero eta handiagoa da. Horregatik, ekimen berriak egiteko ordua dela uste dugu, sektoreari entzuteko ordua dela, eta irtenbide berriak bilatzeko hainbat esparru bateratzeko ordua dela».

Bozeramaileak Batzar Nagusietan onartu diren EH Bilduren azken ekimenak ere ekarri ditu gogora, hala nola Mendialderako estrategia turistiko integrala edo Arabako herrietan barrena ibiliko den museo ibiltaria. «Gure ustez, sozialki jasangarria den eta komunitateetan eragin zuzena izango duen turismoa sustatu nahi badugu, beharrezkoa da tokiko merkataritza kultura-mugarrien parte izatea bultzatu nahi diren turismo-ibilbideetan». Horretarako, Eva Lopez de Arroyabek politika publikoen arteko koordinazioaren beharra azpimarratu du.

Horregatik guztiagatik, EH Bilduk, HerriEkin kalitate zigilua sortzeaz gain, mozioak jasotzen dituen 4 proposamenak azaldu ditu. Alde batetik, hurbileko merkataritzaren mahaia sortzea, tokiko erakundeekin eta sektoreko eragileekin elkarlanean. Gainera, EHUrekin akordio bat egitea proposatu dute, unibertsitateak landa-merkataritzaren erronkei irtenbidea emateko lan-ildoak gara ditzan. Azkenik, tokiko dendak eta zonalde bakoitzeko turismo-estrategiak uztartzeko plan bat aurkezteko eskatu diote Aldundiari.