AKTUALITATEA


| 2025-06-16 10:34:00

Batzar Nagusietan onartutako mozioaren arabera, jendaurrean ikusgai ez dauden piezen hautaketa egingo du Aldundiak 2026ko ekaina baino lehen, gerora Arabako herrietatik ibiliko den erakusketa diseinatzeari ekiteko

Araba. 2025-06-16 | Arabako Batzar Nagusiek Natur Zientzien Museo Ibiltaria sortzea eskatu dio gaur Diputazioari, EH Bilduren ekimen batean oinarrituta. EH Bildu Araba batzarkide taldeak ezagutza zientifikoa Arabako herri guztietara helarazteko proposamena egin zuen joan den apirilean, Natur Zientzien Arabako Museo Ibiltaria sortzea proposatuta. EH Bildu, EAJ, PSE eta Elkarrekin Araba taldeek babestu dute ekimena, eta PPk abstentziora jo du.

EH Bilduren batzarkide Ruth Ibisatek adierazi duenez, «Arabako landa-eremuaz eta despopulazioaz hitz egiten dugunean, sarritan hitz egiten dugu garraio publiko faltaz, hezkuntza zerbitzuen faltaz edota gazteentzako etxebizitza faltaz», baina gaurko ekimenaren helburua harago doa: «Dibulgazio zientifikorako sarbidea desberdina da hiriguneen eta landa-eremuen artean, eta horrek lurralde-desberdintasunaren eta aukera-desberdintasunaren pertzepzioa indartzen ditu, eta hortik dator gure proposamena». «Gure ustez, zientzia-museoek jakin-mina pizteko, pentsamendu kritikoa sustatzeko eta kontzientzia zientifikoa sortzeko duten ahalmen handia nabarmendu eta balioetsi behar da. Eta hau garrantzitsua da. Esparru zientifikoari garrantzia ematea komeni delako», gaineratu du Ibisatek.

EH Bilduk uste du interesgarria dela natur zientzien museoaren katalogoa ezagutaraztea, eta horretarako «Arabako hainbat lekutara erakusketa zientifiko erakargarri eta interesgarriak eramateko duen dibulgazio zientifikoko bilduma ibiltaria sortzea ahalik eta jende gehienarengana heltzeko eta, bide batez, Arabako landa-ingurunea sustatzeko eta dinamizatzeko aukera emateko», esan du Ibisatek.

Hala, gaur taldeek onartutako mozioan Diputazioari eskatu diote museoan jendaurrean ikusgai ez dauden piezen hautaketa bat egin dezala 2026ko lehen seihilekoa amaitu baino lehen, hautaketa horretatik abiatuta zientzia museo ibiltaria diseinatu eta sortzeko. Gainera, museo ibiltari horrek informazio-panelak, piezak erakusteko euskarriak eta dibulgazio-lan hori egingo duen ikus-entzunezko sistema bat izango lituzke, herritar guztiei zientzia modu erakargarrian helarazteko.

Ruth Ibisatek elkarlanaren garrantzia nabarmendu du, ekimenak beste eragile batzuk ere hartzen dituelako kontuan: «Gure nahia da Arabako Foru Aldundiak, Arabako Natur Zientzien Museoaren zuzendaritzarekin eta Arabako Natur Zientzien Museoaren Lagunen Elkartearekin koordinatuta, gaur egun jendaurrean ikusgai ez dauden eta museo ibiltari baten parte izan daitezkeen piezen aukeraketa bat egin dezala». Kontzeju, kuadrilla, udalerri eta ikastetxeetara helaraziko da museo ibiltariaren edukia eta programazioa, haien urteko programazioan kultur eskaintza berri hau txerta dezaten.