AKTUALITATEA


| 2025-06-18 09:03:00

Aldundiak mahai bat sortuko du Arabako landa-eremuko tokiko merkataritza sustatzeko, eta saltoki historikoak eta artisautzakoak turismo-ibilbideetan sartuko ditu, besteak beste

Araba. 2025-06-18 | EH Bildu Araba batzarkide taldearen proposamen batean oinarrituta, Arabako Batzar Nagusiek mozio bat onartu dute gaur, landa-eremuko merkataritza sustatzeko neurriak jasotzen dituena.

Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduko bozeramaileak bere hitzartzean adierazi du ekimenaren funtsa, merkataritzak lurralde kohesioan duen garrantzia nabarmenduta: «Tokiko merkataritza oinarrizko zerbitzua izateaz gain, funtsezkoa da tokiko ekonomian, udalerriari enplegua eta ezinbesteko zerbitzuak ematen dizkiolako eta gizarte-kohesioa sustatzen duelako, tokiko saltoki horiek herrien topagune eta sozializaziorako gune izan ohi baitira».

Lopez de Arroyabek Eusko Ikaskuntzak berriki egindako ikerketa baten ondorioak ekarri ditu gogora. Bertan, adibidez, 2.000 biztanletik beherako Arabako 31 udalerritan tokiko merkataritza desagertu dela esaten da. Arazo hori gehien pairatu duten eskualdeak dira Arabako Errioxa, Lautada eta Mendialdea, baina ez dago zalantzarik arazoa egiturazkoa bihurtu dela.

Horiek hala, azken urteotan gertatu diren erosteko moduen aldaketak gogoan hartuta, neurri berritzaileen beharra azpimarratu du Lopez de Arroyabek. «Gauza bera egiten jarraitzeak ez du balio, frogatuta dago: baldintzak aldatu egin dira, kontsumitzeko moduak aldatu egin dira eta korporazio handiek duten boterea gero eta handiagoa da. Horregatik, ekimen berrien ordua dela uste dugu, sektoreari entzuteko ordua da eta irtenbide berriak bilatzeko hainbat esparru bateratzeko ordua da».  

Mozio adostua

EH Bilduren ekimenean oinarrituta, proposamen batzuk adostu dituzte EH Bilduk, EAJk, PSEk eta Elkarrekin Arabak. Neurri horien artean, Aldundiak mahai bat sortuko du Arabako landa-eremuko tokiko merkataritza sustatzeko toki erakundeekin, elkarteekin eta merkataritzako eragileekin elkarlanean. Merkataritzaren sustapen mahai horren lanen artean egongo da hezkuntza curriculumean tokiko merkataritzaren balioa nabarmentzeko neurriak sustatzea. Halaber, zigilu berezi bat sortuko dute despopulazioaren aurkako borrokarekin bat egiten duten dendetarako.

Gainera, Foru Aldundiak saltoki historikoak eta artisautzakoak turismo-ibilbideetan sartzeko plan bat egingo du 2026ko ekaina baino lehen, eta haiekin lankidetzan ariko da turismo-prestakuntzan, beren historia eta kokatuta dauden tokiarena kontatzeko. Urteroko sari bat ere sortuko du Aldundiak, Arabako tokiko merkataritzaren kalitatea aitortzeko, merkataritzako eragileekin elkarlanean.