AKTUALITATEA


| 2025-10-04 07:54:00

EH Bilduk "argitzeko" eskatu dio gaur Foru Gobernuari lurraldearen zerumuga zein den. "Ezin da aurrera egin gai batzuetan termino aurrerakoietan eta atzera egin beste batzuetan PPren eskutik. Ez da ulergarria lehendakariak garai ilun berri bat irekitzeko arriskuaz ohartarazten duen bitartean (pultsio autoritarioak, joera birzentralizatzaileak eta jarrera erreakzionarioak), EAJren eta PSEren koalizio-gobernuek politika publikoak adostu nahi izatea garai ilun horien buru izango denarekin", laburbildu du Ibon San Saturnino EH Bilduko Arabako arduradun politikoak.

San Saturninok gaur Gasteizen egin den Arabako Batzarrean egin ditu adierazpenok. "Une erabakigarria bizi dugu, eta gaur hartuko ditugun erabaki politikoek hurrengo belaunaldien ongizatea eta bizi-kalitatea markatuko dute", gaineratu du. Ildo horretan, "azken hamarkadetan aplikatutako politika neoliberalek egungo egoerara ekarri gaituzte, eta horregatik defendatzen dugu beharrezkoa dela politika publikoak berbideratzea, baita Araban ere". "Gaur egungo testuinguruan ez da onargarria betikoa egiten jarraitzea. Norabide bat aukeratu eta lemari tinko eutsi behar diogu ", adierazi du San Santurninok.

Nazioarteko testuinguruaren ziurgabetasuna eta aldakortasuna, etxebizitza-krisia, gure osasun- eta zaintza-sistemaren eraldaketa, industria-birmoldaketa saihestezina, gure lehen sektorea berrasmatzeko beharra edo trantsizio ekosoziala dira gaur landu diren gaietako batzuk.

Era berean, EH Bilduk arreta berezia jarri die Aiaraldeko egoera sozioekonomikoari eta Arabar Erriozari. Lehenengoan enpresen itxierak eta lanpostuen galerak pilatzen dira. Bigarrenean, Errioxa JDK alde batera utzita estrategia propioa egiteko ezintasuna dute eta, era berean, ardoaren kontsumoaren joera globalei eta mahatsaren ekoizpenean eragina izaten ari den klima-aldaketaren ondorioei aurre egin behar diete.