AKTUALITATEA


| 2026-07-23 09:34:00

Lortutako akordioari esker, Arabako udalerririk turistikoena izango da bere ordenantza onartuko duen lehena

Araba. 2026-07-23 | EH Bilduko udal taldeak eta Guardiako udal gobernuak akordio bat lortu dute egonaldi turistikoen tasa arautzen duen udal ordenantzarako. Onarpena bihar, ostirala, egingo da ezohiko osoko bilkura batean. Horrela, Arabako Errioxako hiriburua eta Araban turismo gehien duen udalerria izango da tasa onartuko duen lehena. Tasa funtsezko elementua da udalak ematen dituen udal-zerbitzuen finantzaketa hobetzeko eta Guardiako turismo-jarduera garrantzitsua hobeto antolatzeko.

Tasak sektorearen eskaerak jasotzen ditu, eta establezimendu motaren arabera Arabako Batzar Nagusietan onartu berri den Foru Arauan ezarritako gehieneko kopuruen azpitik kokatzen du Guardian ordaindu beharrekoa, bost izarreko hotelen (Guardian ez dago halakorik) eta erabilera turistikoko etxebizitzen kasuan izan ezik: bi kasu horietan ordaindu beharreko tasa Foru Arauak ezarritako gehienekoa izango da.

«Gure ustez, tasa horrek ere ekarpen positiboa egin behar dio bizitegi-krisiaren aurkako borrokari, eta, bere mailan, etxebizitzaren funtzio soziala berreskuratzen lagundu behar du. Horregatik, erabilera turistikoko etxebizitzen kasuan tasa Foru Arauak baimentzen duen gehienekoa izatea proposatu eta adostu dugu, Laguardia eta, batez ere, bere hirigune historikoa erabilera turistikoko eraikinen segida bihur ez daitezen eta gure bizilagunentzako bizileku izaten jarrai dezaten», adierazi du Angel Coca Guardiako EH Bilduren bozeramaileak.