AKTUALITATEA


| 2026-07-17 09:37:00

Instalazio horiek eragindako afekzioak eta inpaktuak udalek ezagutu eta kudeatzen dituztenez, udalen parte-hartze zuzena ezinbestekotzat jo dute kanonaren helburua bete ahal izateko

Araba. 2026-07-17 | Trantsizio Energetikoaren eta Klima Aldaketaren Legean onartutako instalazio berriztagarrien gaineko kanonaren % 50 udalaren esku geratzea eskatu dute Oiongo eta Bastidako udalek, EH Bilduk bi herriotako osoko bilkuretan eztabaidatzeko aurkeztutako ekimen bati esker.

Aipatutako legeak kanon hori sartzea aurreikusten du, energia berriztagarriko instalazioak ezartzeak ingurune naturalean eta lurraldean eragin ditzakeen inpaktu negatiboak arintzeko. Eta, hain zuzen ere, udalek hartzen dituzte beren gain klima-aldaketaren ondorioak arintzeko neurri gehienak, eta Europako legeriaren % 70 aplikatzen dute arlo horretan. Horrek guztiak gastu publikoaren heren bat eta inbertsio publikoaren bi heren suposatzen ditu.

Hala ere, legearen garapena arautzen duen dekretuak ezarri du Eusko Jaurlaritzak kobratuko duela kanona, eta berak erabakiko duela kanon horrekin egin beharreko inbertsioak zertarako erabiliko diren.

Azaldu dutenez, «kanonaren helburua lurraldean kokatutako energia berriztagarrien instalazioek eragindako ingurumen-inpaktu eta -afekzio negatiboak badira, eta horien antolamendua udal-eskumenekoa bada, udalek bildutako diru-sarreren partaide izan beharko lukete». Eta gaineratu dute udalak direla instalazio horiek eragindako afekzioak eta inpaktuak zuzenean ezagutzen dituztenak. Horregatik azpimarratzen dute udalek zuzenean parte hartu behar dutela kanonaren xedea betetzeko.