AKTUALITATEA


| 2026-07-21 11:07:00

Hiru alkateek elkartasuna adierazi diete greban dauden langileei, eta Kuadrillari eskatu diote, zerbitzuaren erakunde kudeatzailea den aldetik, akordioa lortzen inplikatzeko

 

 

 

AIARALDEA. 2026-07-21. Laudio, Aiara eta Artziniegako udalek elkartasuna adierazi diete euren lan-hitzarmena eguneratzeagatik greban dauden langileei,.

 

Hitzarmen kolektibo berri baten negoziazioaren esparruan, Aiaraldeko Kuadrillako Etxeko Hondakinak Bildu eta Garraiatzeko Zerbitzuaren esleipendun den PreZero España SAU enpresako plantillak deitutako greba mugagabearen berri izan ondoren, Laudio, Aiara eta Artziniegako udalek beharrezkotzat jo dute Kuadrillaren beraren inplikazioa eta Kuadrilla horretan duen ordezkaritza gorenarena, Lehendakaritzarena alegia, egoera horri amaiera emango dion akordio bat lortzeko. Hori dela eta, Kuadrillako Lehendakaritzari premiazko Gobernu Batzarrerako deia egiteko eskatu zaio. Batzar horretan eskatuko da, halaber, udalerriei grebaren arrazoien berri emateko, bai eta Lehendakaritzak berak arazoa konpontzeko egin dituen edo egiten ari den gestioen berri ere emateko. Izan ere, greba honen testuinguruan, enpresaren eta plantillaren arteko desadostasunak ez dira berriak, aspaldikoak baizik.

 

Iaz lizitatu zen hondakinak biltzeko zerbitzuaren kontrata Aiaraldeko Kuadrillari dagokio, eta hortik dator akordio bat lortzeko prozesuan aktiboki parte hartzeko eskaera hori, kontuan hartuta lan-baldintza onek zerbitzu hobea dakartela.

 

Udal hauek berek atzo Kuadrillako Lehendakaritzari eskatu genion, ohar publiko baten bidez, Aiaraldeko biztanleei jakinarazi behar zitzaiela astelehen honetatik aurrera ireki den egoera, hondakinen bilketarako gutxieneko zerbitzuekin, eta greba luzatzen bada gure kale eta auzoetan sor daitekeen egoerarekin kontsekuenteak izateko gonbidapena egin zitzaien herritarrei.