AKTUALITATEA


| 2026-02-12 08:28:00

Zergak C02 isurpenak murrizteko eta ibilgailuak eta errepide bidezko garraioa deskarbonizatzeko premiarekin lotura zuzena daukala uste du EH Bilduk, eta moldaketan errenta-maila baxuena dutenen egoera kontuan hartzea eskatu du

Araba. 2026-02-12 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak mozioa aurkeztu du gaur trakzio mekanikoko ibilgailuen zerga eguneratzeko, errealitate berrira egokitzeko helburuarekin.

EH Bilduren batzarkide Iñaki Ullibarriren esanetan, «trantsizio ekosozialaren gauzapena zein klima aldaketaren borroka azkartzeko premia larriak eskatzen du, besteak beste, instituzioen aldetik jarrera proaktiboa edukitzea, euren esku dauden tresna guztiak operatibizatzeko aipatu helburuak ahalik eta azkarren eskuratzearren». Ildo horretan, zerga arautzen duen Foru Arauaren aldaketa proposatu du «testuinguru historiko berri honi egokitzeko, C02 isurpenak murrizteko eta ibilgailuak eta errepide bidezko garraioa deskarbonizatzeko premia larriarekin zerikusi zuzena daukalako aipatu zerga horrek».

Ullibarrik esan du zerga bi norabidetan hobetu beharko litzatekeela: «Batetik, zerga hori tresna koherentea izan behar da errepide bidezko garraioaren eta ibilgailu guztien deskarbonizazio beharrarekiko; bestetik, trantsizio ekosoziala eta justizia soziala (kasu honetan, fiskalitateari dagokionez) bateragarriak izan behar dira».  

Izan ere, egungo zerga bere horretan utzita, eta erregai fosilik behar ez duten ibilgailuak gero eta gehiago direnez, gero eta txikiagoa izango da zerga horren bidez udalek jasoko duten diru-sarrera. Baina EH Bilduk diru-sarrera gutxien duten herritarrengan jarri du arreta: «Ibilgailu berria erosteko ezintasun objektiboa daukaten zergadunak izango dira ibilgailu kutsakorrenak erabiliko dituztenak eta, horrenbestez, arlo honetan zerga presio handiena jasoko dutenak».

Horregatik, zerga arautzen duen foru araua aldatzeko prozesua abiarazteko eskatu diote Arabako Foru Aldundiari, «ingurumen egoera berriari zein trantsizio ekosozialaren beharrei ahalik eta lasterren egokitzeko». Foru arau proiektua 2026an aurkeztea eskatu dute, 2027ko ekitaldian indarrean sar dadin.  Azkenik, Diputazioari eskatu diote arreta berezia eskaini diezaiola errenta baxuenek egungo hobari sistemaren ondorioz jasan dezaketen tratamendu kaltegarriari eta, horrenbestez, errenta mailaren araberako neurri zuzentzaileak sartu ditzala zergaren konfigurazio berrian.