AKTUALITATEA


| 2020-02-01 10:22:00

Argantzongo Udalak atzo onartu zituen 2020rako aurrekontuak. Guztira, ia 600.000 euro izango ditu urte honetarako, eta aurrekontuaren ia herena inbertsioetara bideratuko du. EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin aurrera atera ziren atzoko osoko bilkuran.

Aurrekontuaren herena – 170.000 euro inguru – inbertsioak egiteko izango da. Horien artean, nabarmentzekoak dira “Las Cercas” kalearen urbanizazioa, “Santa Maria” kalearen eta “Concepcion” kalearen arteko zatian; “San Juan Ebanjelista Ospitalea” birgaitzeko bosgarren fasea; Bila Okako elizako estalkia birgaitzea eta N1 errepide zaharraren pasealekuan eguzki argiak jartzea. Hondakinak biltzeko edukiontzien irisgarritasuna hobetzea ere aurreikusi dute.

Beste ia 30.000 euro urtean zehar herrian egiten diren kultur ekintzak eta euskara sustatzeko ekintzak antolatzeko erabiliko dira. Horien artean aipatzekoak dira udako kultur programazioa, kirol txapelketa ezberdinak edota herriko jaiak.

Bestalde, aurrekontu-plantillari dagokionez, %2a igo da Udaleko langileen soldata, eta administrari laguntzailearen plazaren lanaldia ere handitu da, % 100era iritsi arte. Lanaldi erdian langabe bat kontratatzea ere aurreikusten da.

Pablo Ortiz de Latierro Argantzongo alkatea pozik agertu da lortutako akordioarekin. "Argantzon bezalako udalerri batean integrazioaren aldeko akordioa lortzeko gai izatea oso garrantzitsua izan da, baina Udal Gobernuari egonkortasuna ematea ere bada, eta udal kontuak onartzea oso inportantea da gure bizilagunen bizi-kalitatea hobetuko duten inbertsioei ekin ahal izateko eta energia-eraginkortasuna bezalako ildo estrategikoak martxan jarri ahal izateko", nabarmendu du Ortiz de Latierrok.