AKTUALITATEA


| 2023-01-28 11:26:00

Araba. 2023-01-28 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak mozioa aurkeztu du Batzar Nagusietan, EAEko Auzitegi Nagusiak eta bestelako epaitegiek euskararen normalizazioaren aurka emandako epaiak salatzeko.

Iñakli Ullibarri EH Bilduko batzarkideak adierazi duenez, «Azken bolada honetan etengabeak izaten ari dira arlo judizialetik, bereziki EAEko Auzitegi Nagusitik, baina baita beste epaitegi batzuetatik ere, administrazio arloan euskararen erabilera normalizatzeko neurrien kontra, hots, euskaldunon hizkuntz eskubideen aurka, ematen ari diren epaiak». Ullibarriren esanetan, hizkuntza-politikaren judizializazioaren baitan ulertu beharreko erabakiak dira horiek. «Euskaldunon eskubideak are gehiago murriztu nahi dituzte, ofizialtasunaren irakurketa murritzago baten bidez. Herritarrek zerbitzu publikoak euskaraz jasotzeko eskubidea dute, eta erakunde publikoei, guztiei, baita judizialei ere, eskubide horren bermatzaile izatea dagokie», esan du Ullibarrik

Batzarkideak gogora ekarri du epai horiek guztiek zuzenean jotzen dutela euskal gizarteak modu masiboan eta argian euskararen normalizazioan urrats berriak egiteko adierazitako borondate eta nahiaren kontra. Adibide gisa ipini ditu Korrikak., Euskaraldiak eta antzeko ekimenek izandako arrakasta azken urteotan.

Lehen hitza euskaraz

Hala, mozioak salatu egiten du epaitegiek abiatu duten hizkuntz politikaren judizializazioa, eta epaitegi horiek euskararen  normalizazioaren zein euskaldunon hizkuntz eskubideen aurka ematen ari diren epaiak, eta administrazio, epaitegi eta gizarte eragileei hizkuntza eskubideak bermatzeko deialdia egiten zaie.

Halaber, Batzar Nagusietan euskara plana lehenbailehen onartzeko konpromisoa hartzea proposatzen du EH Bilduk, baita herritarrei lehen hitza euskaraz egiteko eskubidea bermatzeko konpromisoa ere.