AKTUALITATEA


| 2025-02-04 10:04:00

Gutxienez 14 arabar egon ziren kontzentrazio-eremuetan preso

Araba. 2025-02-04 | Nazien kontzentrazio-esparruetara deportatutako arabarren memoria aitortzeko, omentzeko eta zabaltzeko ekimena aurkeztu du EH Bilduk. Arabako Batzar Nagusietan eta orain arte identifikatu diren 14 arabarren jatorrizko sei udalerrietan erregistratu duen ekimen baten bidez egin du. Ekimenak omenaldi ekitaldi bat egitea aurreikusten du datorren maiatzaren 6aren inguruan. kontzentrazio-esparruetara deportatutako azken euskal taldearen liberazioaren  80. Urteurrenarekin bat eginez.

Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduk Arabako Batzar Nagusietan duen bozeramaileak azpimarratu duenez, "80 urte geroago uste dugu Arabak omenaldia egin behar diela altxamendu frankistaren eta ondorengo diktaduraren aurka borroka egin zuten, ihes egin zuten eta, muga zeharkatu ondoren, Hirugarren Reichak ezarritako terrorearen diktadurarekin topo egin zuten pertsona antifaxistei".

Gogora Institutuak 2020an eskatutako txosten baten arabera, sei Gasteizko bizilagunak ziren, bi Bastidakoak eta gainerakoak Lantaron, Guardia, Kanpezu eta Oiongoak. Baina txosten ofizialak ez daude guztiz osatuta eta oraindik ez dute informazio guztia eguneratuta.

Orain, 80 urte geroago, EH Bilduk pertsona horiei guztiei omenaldia egitea, artxiboak eguneratzea eta pertsona horien memoria ezagutarazteko material didaktikoa egitea proposatu du.

"Haize erreakzionarioak dabiltza Europan, eta haien aurka borrokatzeko modurik onena nazionalsozialismoa boterera iristeak ekarri zuen ahanzturan ez erortzea dela uste dugu. Bere historia ahazten duen herri bat historia errepikatzera kondenatuta dagoelako. Izan ere, kontzentrazio esparru horietara deportatuta amaitu zutenek ez zuten baten aurka egin, bi diktaduraren aurka baizik", gaineratu du Lopez de Arroyabek.

Azkenik, 14 arabar horietako udalerrietan STOLPERSTEINE ekimenarekin bat egitea ere planteatzen du EH Bilduren ekimenak. Artista alemaniar batek egindako proiektua da Stolpersteine, eta dagoeneko munduko 20 herrialdetan zabaldu da. Bertan, eskuz idatzitako zementuzko bloke txiki bat instalatu da nazionalsozialismoaren biktima izan diren pertsonen datuekin.