AKTUALITATEA


| 2025-03-07 12:46:00

2021ean egindako obren ondorioz, plaza kopurua bikoiztuko zela iragarri zuen orduko alkateak, baina geroztik ez da aldaketarik izan

Arraia-Maeztu. 2025-03-07 | Arraia-Maeztuko EH Bildu udal taldeak eskatu du Eguneko Arretarako Landa Zentroan plaza gehiago irekitzeko, plazak bikoiztuko zirela iragarri zuten arren, hasierako plaza kopuru bera eskaintzen baita.

2021ean Arraia-Maeztuko alkate zen Anartz Gorrotxategik iragarri zuen udalerri horretako Eguneko Arretarako Landa Zentroko obrak amaituta zeudela, eta erreforma horrek zentro horretako arreta-plazak handitzeko aukera ematen zuela: edukiera bikoiztu egingo zela iragarri zuen, 8 plazatik 18ra pasatuz. Iragarri zutenean esandakoaren arabera, erreformaren helburu nagusia zen herritarrak Arraia-Maeztun ahalik eta denbora gehien egotea, enplegu zuzena eta zeharkakoa sortzea eta udalerriaren garapen ekonomikoa bultzatzea.

Gauzak horrela, 2025eko urtarrilaren 8an Alkatetzak eta zentro hori kudeatzen duen enpresak kontratu bat sinatu zuten, non adierazten zen bete beharreko plazak 8 plazakoak baino ez zirela izango, hau da, zentroak hasieratik eskaintzen zuen kopuru berbera.

Arraia-Maeztuko EH Bildu udal taldeak kezka handiz ikusten du egoera; izan ere «Eguneko Arretarako Landa Zentroak landa eremurako ezinbesteko zerbitzuak dira, enplegua sortzen dute eta, gainera, kalitatezko zainketak eskaintzen dituzte eskualdeko adineko pertsonen ingurune sozial eta familiarretik gertu», euren esanetan.

«Esan behar dugu Arraia-Maeztuko Eguneko Arretarako Zentroaren eskaera egun eskaintzen diren plazak baino handiagoa dela, eta kezkaz ikusten dugula gure udalerriko bizilagunak beste zentro batzuetan artatzen dituztela beren etxeetatik urrun», adierazi dute EH Bildutik.

Hala, EH Bilduk eskatu du ahalik eta lasterren Arraia-Maeztuko Eguneko Arretarako Zentroko plazak gehitzeko, udalerrian dagoen eskaerari erantzuna emateko. Halaber, eskatu dute udalak bermatu dezala plazak gehitzeko prozesuaren gardentasuna ziurtatzea eta herritarrak eta erakunde eskudunak egindako aurrerapenen eta gestioen berri ematea aldian-aldian.