AKTUALITATEA


| 2025-03-11 11:16:00

Garraio publiko jasangarria sustatzeko ekimenak erregistratu ditu EH Bilduk, aireportuetarako zerbitzuak BAT txartelaren deskontu sisteman sartzeko eta udaberriko oporretan zerbitzua mantentzeko

Araba. 2025-03-11 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak garraio publikoa sustatzeko bi ekimen erregistratu ditu azken egunotan: alde batetik, Gasteiz-Loiu ibilbidea BAT txartelaren deskontu-sisteman txertatzea eta, bestetik, udaberriko oporretan Gasteiztik Forondarako autobus-zerbitzua mantentzea.

Loiuko aireporturako garraioaren kasuan, egoera bitxia gertatzen da, EH Bilduk lortutako informazioaren arabera: «Gasteiz-Loiu autobus linea berriak 15 euroko prezioa du, eta ezin da BAT txartela erabili ordaintzeko; ibilbide berbera egiteko Gasteiz-Bilbo autobus linea, eta gero Bilbo-Loiu Bizkaibus erabiliz gero, prezioa, kasurik txarrenean, 11,45 eurokoa da, baina, areago, BAT txartela erabiliz gero, 7,85 eurokoa da». Egoera ulertezina dela adierazi dute EH Bildutik.

Linea horren prezioa Donostia-Loiu zerbitzuarekin konparatu dute, eta nabarmendu dute merkeagoa dela, ibilbide luzeagoa izanda ere: 12, 80 euro, tarifa arruntarekin, eta 3,45 euro, MUGI txartela erabiliz gero. Horregatik guztiagatik, EH Bilduk hainbat galdera helarazi dizkio Mugikortasun Jasangarriko foru diputatuari desberdintasun horiekin amaitzeko asmorik duen argitu dezan.

Gasteiz-Foronda

Ildo beretik, EH Bilduk salatu du Aste Santuko oporretan ez dela Gasteiz eta Forondaren arteko bus zerbitzurik eskainiko «zerbitzu hori soilik eskaintzen omen delako «konpainia zehatz baten hegaldiak daudenean». Jakina, mugikortasun jasangarriaren edozein ikuspuntutatik begiratuta ere, hutsune ezin larriagoa da egoera hori», EH Bilduren hitzetan.

Hori dela eta, EH Bilduk arloko diputatuari galdetu dio neurririk hartuko duen linea horrek udaberriko oporretan ere zerbitzua eman dezan, baita horrek zer gastu ekarriko duen ere.

Bestalde, bi linea horietan abiapuntua zein amaiera Gasteizko Katedral Berriaren parean kokatzeko erabakia berraztertzea ere eskatu du EH Bilduk, hiriburuko mugikortasun jasangarriaren ikuspuntutik guztiz erabaki okerra delakoan.