Mozio bat erregistratu du «Gizarte Zerbitzu publikoak defendatzea eta horien degradazioan ez sakontzea» eskatuz, eta Arabako Foru Aldundiari eskatu dio GOFEko langileentzat lan-baldintza duinak bermatzeko
Araba. 2025-03-10 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak mozio bat erregistratu du, Foru Aldundiari gizarte zerbitzuak defendatzeko eta horien «desegite eta degradazioan» ez sakontzeko eskatuz.
Mozioaren jatorria Arabako Batzar Nagusietako Gizarte Politiken azken batzordean dago. Batzorde hori joan den otsailaren 27an egin zen, eta Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeko (GOFE) Langileen Batzordeko ordezkariek parte hartu zuten bertan. Besteak beste, salatu zuten «azken legegintzaldietan Araban Gizarte Zerbitzu Publikoak desegin» izana.
Claudia Venceslao EH Bilduren batzarkideak Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen egoeraren xehetasunak eman ditu: «Duela urte batzuetatik hona, Langileen Batzordeak salatu du beharrezkoa dela Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen kudeaketa berri bat, alderdi guztietan: lanekoak, antolakuntzakoak, negoziaziokoak, baita zerbitzuen berrikuspen sakon bat ere, gizarte errealitate berrira egokitzeko». Horren ondorioz, kalitatea galtzen ari da lan-baldintzetan, bai eta zerbitzuan ere. «Arabako Gizarte Zerbitzuetako langile publikoak gero eta egoera kaskarragoan daude, eta ezin dute bermatu herritarrek eskatzen duten kalitatezko arreta-maila».
Baina ez da hori gizarte-zerbitzu publikoen kalitate-galeraren sintoma bakarra: «Desegite horien adibide asko daude: plaza publiko berririk ez sortzea, zentro publikoetan zerbitzuak kanpoan kontratatzea, kolektibo desberdinen arreta pribatizatzea, Foru Erakundearen arlo guztietan lan-gainkarga izatea, aldi baterako ezintasunagatiko bajak areagotzea eta abar », esan du Venceslaok.
Hori guztia dela eta, EH Bilduk mozio bat erregistratu du, gizarte zerbitzuen «desegitearekin» kezkatuta dagoela adierazteko, eta Aldundiari eskatzeko zerbitzu horiek «defendatzeko eta horien desegitean eta degradazioan ez sakontzeko». Gainera, Aldundiari eskatu diote «GOFEko langileentzako lan-baldintza duinak bermatzea, Arabako herritarrei ematen zaien arretaren kalitatean eragin zuzena baitute».