Garbigunearen kokapena lehenbailehen ebaztea nahi du EH Bilduk, Diputazioak iritziz aldatu eta udal baskularen orubean eraiki nahi baitu azpiegitura
Laguardia. 2025-03-07 | Laguardiako EH Bildu udal-taldeak ezohiko osoko bilkura egiteko eskaera erregistratu du gaur, garbigunearen kokapena lehenbailehen adosteko.
2019an, Laguardian garbigune bat eraikitzea proposatu zuen EH Bilduk, eta hainbat kokapen aztertu ondoren, Diputazioak gasolindegiaren ondoko orube batean jartzea proposatu zuen. Orube horrek jaso zuen puntuaziorik altuena txosten teknikoetan, eta kokapen horren alde egin zuen osoko bilkurak 2023ko otsailean. 2024an, ordea, Diputazioak iritzia aldatu eta udal baskula dagoen tokia proposatu zuen garbigunea eraikitzeko.
EH Bilduren iritziz, udal-baskula aldatzeak kostu handia ekarriko luke, eta Next Generation funtsetatik jasoko litzatekeen dirulaguntza ez litzateke nahikoa gastu hori ordaintzeko. Gainera, inguruko lantegietarako sarbide berriak eraiki beharko lirateke, eta horrek ere kostua igoko luke.
Lagurdiako EH Bildu udal-taldeak garbigunearen beharra aldarrikatu du behin eta berriz. «Arabako Errioxako Hondakinen Planaren helburuak betetzeko funtsezko azpiegitura da. Gainera, Europako finantzaketa du Next Generation funtsen bidez, eta horrek garbigunea martxan jartzeko prozesuaren hasiera gehiago ez atzeratzea eskatzen du. Horregatik, Udal Gobernuari eta Foru Aldundiari eskatzen diegu berehala has ditzatela horretarako behar diren administrazio-prozesuak», adierazi du Angel Coca EH Bilduren zinegotziak.