AKTUALITATEA


| 2020-07-01 11:36:00

Mikel Otero EH Bilduren Arabako zerrendaburuak agerraldia egin du gaur goizean Gasteizko Mercedens-Benz lantegiaren alboan. Oterok adierazi duenez, EH Bilduk konpromisoa hartu du hurrengo legealdian gure industria berriro martxan jartzeko eta pandemiak sektorean izan dituen ondorioetatik berreskuratzeko, helburu estrategikoetatik abiatuta.

EH Bilduren ustez, beharrezkoa da industriak BPGan % 28ko pisua izatea eta 2007an euskal industriak zituen 250.000 langileak berreskuratzea, egun dituen 205.000en aurrean, horietatik 10.000 enplegu berdearen esparruan.

Era berean, EH Bilduk ikerketa eta garapenean BPGren % 3 inbertitzearen eta akordio batera iristearen alde egin du, baita eskualdeetan ondo inplementatutako eta dibertsifikatutako industria eredu berritu, sozial, ekologiko eta teknologikoa sustatzearen alde ere.

COVIDek eta derrigorrezko geldialdiak arazoak eragin dituzte gure ekoizpen-sarean. Baina ez da kontu berria. Industriak, oro har, eta automobilgintzak, bereziki, erronka handiei eta eraldatzeko premiei egin behar diete aurre. Aro digitalean sartzeak eta energia- eta klima-erronkek aurrea hartzera eta egokitzera behartzen gaituzte. Automobilgintzan, motorizazio berriekin eta mugitzeko modu berriekin iritsiko da etorkizun hurbila.

Arazo horiei aurrea hartzeko asmoz, automobilgintzaren sektorearen etorkizunari buruzko ponentzia jarri zuen martxan EH Bilduk. "EH Bilduk sektorearen birmoldaketa bultzatuko du Eusko Jaurlaritzatik; Gasteiz eta Araba aitzindari izan daitezen automobilgintzaren, motorizazio alternatiboen, elektrifikazioaren eta baterien garapenean. Erronka horri erabakitasunez heltzea bermea izango da enpleguaren balantzea positiboa izan dadin" adierazi du Mikel Otero EH Bilduko Arabako zerrendaburuak.

Bestalde, arratsaldean bertan, EH Bilduko Arabako zerrendaburuak agerraldia egingo du "Euskadi Zero KARBONO 2040" ekimenarekiko konpromisoa agertzeko. Klimarekin konprometitutako ekimena da, datorren legegintzaldian 800 milioi euroko inbertsioa jasotzen duena eta 2030erako CO2 isurketak % 50 murriztea aurreikusten duena. Era berean, EH Bilduk berriztagarrien hedapenarekin, hondakinen tratamendurako azpiegituren publifikazio estrategia garatzearekin eta fiskalitate berdea sartzearekin duen konpromisoa azalduko du. Gaurko agerraldia Santa Barbara plazan izango da, eta hautagaiak konexio telematikoak egingo ditu Kopenhageko Ulrik Kohl eta Gorm Anker Gunnarsen ingurumen adituekin.