AKTUALITATEA


| 2026-02-01 10:44:00

EH Bildu Araba batzarkide taldea Araian bildu da gaur, 2026. urteko lan instituzionala egituratzeko

Araba. 2026-02-01 | EH Bildu Araba batzarkide taldea Araian bildu da gaur, estreinatu berri den 2026rako bere lan instituzionala diseinatu eta antolatzeko. Eva Lopez de Arroyabe bozeramailearen zuzendaritzapean, taldeak bere lehentasun nagusiak zehaztu ditu: bizitegi-larrialdiari aurre egitea, zaintzak eta zaintza-lanak duintzea, Arabako industria bultzatzea, lurraldea kohesionatzea, lehen sektorea babestea eta trantsizio ekosozial justu eta adostuan aurrera egitea.

Lopez de Arroyabek adierazi du 2026 hau «urte erabakigarria» izango dela «Arabako gizarteak dituen erronkei erantzuteko». «Herritarren ongizatea izan da eta izango da EH Bilduren lehentasuna, eta hori lortzeko ezinbestekoa da erakundeen lan intentsoa eta intentsiboa. EH Bildun oposizio gisa dagokigun lan nagusia egiten jarraituko dugu, hau da, Foru Gobernuaren kontrola, baina betiere ikuspegi propositibo eta eraikitzaile batetik».

Horren ildotik, Lopez de Arroyabek EH Bildu Arabaren legegintzaldi osoko joera den lan propositibo hori azpimarratu du. Hala, aipatutako gaietan egindako proposamenak gogorarazi ditu, hala nola Aldundiak landa-eremuan etxebizitza eskuragarria bultzatzea, itxaronaldiak laburtzeko mendekotasuna baloratzeko taldeak sortzea, egoitza-plaza publikoak sortzea edo toki-erakundeen finantzaketa handitzea. «Gure proposamenak Araban bizi-proiektu duin bat egitera bideratuta daude, bai hiriburuan, bai edozein herritan, nahiz eta askotan inertzian eta bere autokonplazentzian ainguratutako Gobernuaren paretarekin topo egin dugun».

Hain zuzen ere, Foru Gobernuaren lanak balorazio bat merezi izan du batzarkide taldearen aldetik: «2024ko amaieran, 2025eko aurrekontuen negoziazioan, Gobernuaren jarrera aldaketa sumatu genuela iruditu zitzaigun, baina irudipen bat baino ez zela izan agerian geratu da: EAJk nahiago izan du bere hauteskunde interesak lehenestea Arabako gizartearen ongizatea baino, eta horregatik baztertu du EH Bildurekin akordioa lortzea aurrekontuen azken negoziazioan. EAJri dagokio bere jarrera-aldaketari buruzko azalpenak ematea».

Baina Lopez de Arroyabek etorkizunari baikor eta ilusioz begiratu nahi izan dio; izan ere, bozeramailearen arabera, «oraindik lana dago amesten dugun Araba lortzeko». «Pauso segurua eta begirada luzea: oraindik badira etxebizitzaren arazoa konpontzeko tresnak, hala nola fiskalitatea, eta oraindik badaude formulak Arabako adinekoentzako egoitzetan plaza publikoak sortzeko. Bi adibide baino ez dira, baina EH Bilduk Araba hobetzeko tarte handia duela erakusten dute», esan du Eva Lopez de Arroyabek.