AKTUALITATEA


| 2025-03-28 11:23:00

Arabako Batzar Nagusietan mozioa aurkeztu dute, «euskara lan eskubideekin, talentua erakartzearekin eta kohesio sozialarekin kontrajartzeko» saiakerak bertan behera uzteko

Araba. 2025-03-28 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak mozioa erregistratu du gaur, euskararen desprestigioa arbuiatu eta hizkuntzaren normalizaziorako berme juridikoak eskatzeko.

Iñaki Ullibarri EH Bildu Araba batzarkide taldeko kideak kezkaz ikusten du azken hilabeteotan euskarak jasandako eraso judizialak, lan eskaintzetako hizkuntza eskakizunak bertan behera utzi edota: «Ez da onargarria epaitegietatik hizkuntza politika zuzendu nahi izatea, are gehiago kontuan izanda doktrina euskarafoboa ezartzen ari dela. Ildo horretan, uste dugu euskararen normalizazioaren bidean ezinbestekoa dela jauzi kualitatibo bat ematea eta segurtasun juridikoa emate aldera arkitektura juridiko berri bat garatzea».

Baina euskararen kontrako mezu eta erabakiak ez dira soilik eremu judizialetik etortzen, Ullibarrik adierazi duenez. «Tamalez, eremu ugaritan entzun ditzakegu horrelakoak. Azken adibidea, pasa den ostiralean entzun genuen, non Kutxabankeko presidente den Anton Arriola euskararen balizko zailtasuna aitzakia hartuta, ondorioztatu zuen euskara arazo bat dela atzerriko talentua erakartzeko». EITBren zuzendari Iñaki Aldekoak eginiko adierazpenak ere ekarri ditu gogora batzarkideak, ildo berean, auzitan jarriz euskararen ezagutza eta gaitasun profesionala bateragarriak izatea.

«Erabat kontrajarria da euskalgintzako eragileek erdaldunak seduzitzeaz eta euskarara erakartzeaz hitz egitea eta, aldi berean, botere faktikoek euskara eta euskararen normalizazio prozesua lurraren pare uztea», esan du Ullibarrik.

Horregatik, EH Bilduk aurkeztutako mozioan Batzar Nagusiek arduraz jokatzea eskatzen du: «Arabako Batzar Nagusiek kezka handiz ikusten dituzte euskara lan eskubideekin, talentua erakartzearekin eta kohesio sozialarekin kontrajartzeko egiten diren etengabeko adierazpenak eta erabiltzen diren argudioak. Areago, euskararen garapena kohesio sozialerako, bizikidetzarako eta justizia sozialerako atea izan dela aldarrikatzen du ganbera honek».

Era berean, Diputazioari eta Eusko Jaurlaritzari eskatzen diete «bultzatu eta lan egin dezatela hizkuntza eskakizunen sistemari eta, ondorioz, administrazioan euskararen garapenari segurtasun juridikoa emateko beharrezko lege-aldaketen eta hizkuntza-politikan jauzi bat emateko behar diren tresna juridiko berrien garapenaren alde. Era berean, euskararentzat berdintasunezko estatus juridikoa eskuratzearen alde egiteko elkarlana jorratu dezatela».