Josu Estarrona: «Batzuk murrizketen bidera bueltatzeko duten tentazio agerikoaren aurrean, Euskal Herria Bilduk pertsonen babesa handitzearen eta bizi baldintzak hobetzearen alde egingo du beti. Hori dela eta, bidezko prezioak eta soldata duinak bermatzeko neurri sozial eta ekonomikoak sustatzen jarraituko dugu»
Gasteiz. 2023.07.11. Euskal Herria Bilduren Senaturako zerrendaburuak, Josu Estarronak, babes ekonomikoan eta lan baldintzetan hurrengo legealdira berrira dituen proposamenak azaldu ditu gaur. Estarronak gogora ekarri du azken lau urteotan EH Bildu izan dela «eskubide horietan hobetzeko eta aurrera egiteko balantzan eragin duena, gauza asko egiteko geratzen diren arren».
Erosketaren saskiaren prezioak izan duen igoeraren aurrean, EH Bilduk elikagaien ekoizpen eta banaketaren katea gehiago kontrolatzea sustatuko dugu, salneurri duinak egon daitezen, eta bitartekariek nahiz banaketa kate handiek eragin duten salneurrien gorakada justifikaezina gelditzeko. «Elikagaien banaketa handien irabaziei zerga berezia ezartzea nahi dugu, eta oinarrizko produktuak prezio lorgarrietan eskuragarri izateko egin diren jaitsierak luzatzeko eta zabaltzea», azaldu du hautagaiak.
Era berean, EH Bilduk defendatuko du gasari ezarritako muga eta argindarraren prezioen gorakadari eusteko hartu diren neurriak epemugarik gabe luzatzea, eta galdategi komunitarioentzako sortu den tarifa arautu berria benetan eraginkorra izatea, Araban milaka lagun eragiten dituen arazoa. Gainera, pertsona eta familia zaurgarriei oinarrizko hornidurak mozteko indarrean dagoen aldi baterako debekua iraunkor bihurtzea proposatuko du.
Babesa handitzeaz gain, Estarronak bere egin du herritarren soldata baldintzak hobetzen segitzeko erronka. «Gutxieneko soldata 1.200 eurora igotzea exijituko dugu, geure errealitatera egokitutako gutxieneko soldata bat ezartzeko ahalmena geure gain hartuta. Hau da, gutxieneko soldata osatzea geure eboluzio eta soldata egoeraren arabera, beti ere estatuan jarritakoaren gainetik. Guzti hori Euskal Lan Esparru baten aitortzaren barruan, geure errealitate sozial, sindikal eta ekonomikoa aintzat hartuko dituena».