AKTUALITATEA


| 2021-10-11 10:43:00

EH Bildu Arabako batzarkide taldeak Kultura Diputatuaren agerraldia eskatu du Batzar Nagusietan, Espejoko Luyando-Hurtado de Mendoza dorretxean egiten ari diren birgaitze-lanei buruz.

Lanak ikuskatzeko eta zehazki zer lan egiten ari diren jakiteko zailtasunak ditu Gaubeako Udalak; gainera, susmoa dago dorretxearen kanpoalde zein barnealdeko itxurari eragiten dioten aldaketak egiten ari dela jabea, aipatu eraikinaren ondare historikoa arriskuan jartzeraino; beraz, EH Bilduk eskatu dio Foru Aldundiari esku har dezala, Espejo herriko ondarea babesteko.

XVI. mendeko dorretxea da Luyando-Hurtado de Mendoza, eta ondare historiko gisa sailkatuta dago. Lau solairu ditu eta lau isurkiko teilatua. Gezi-leihoak ditu beheko solairuan, baina historian zehar egindako berritze-lanen eraginez dorre gotorraren gainerako ezaugarriak galdu ditu.