AKTUALITATEA


| 2022-05-02 12:55:00

Desgaitasun funtzionala duten pertsonen autonomia eta in(ter)dependetzia sustatzeko bizitza eredu bat bultzatzea da EH Bilduren Bizi ON plan berriaren helburua, desgaitasun funtzionala duten pertsonentzat. Horretarako, zaintza publiko eta kalitatezko sare bat sortzea proposatzen du, pertsona horiei bizi kalitate hobea izan dezaten behar dituzten laguntzak eskaintzeko. Izan ere, desgaitasuna ez da ez finkoa, ez dikotomizatua ere. “Arina, dinamikoa eta etengabe aldatzen da eta, batez ere, pertsonak bere inguruan dituen laguntzen mende dago, pertsonaren berezko muga funtzionalen mende baino gehiago”.

Hala azaldu du Claudia Venceslaok, EH Bilduren Arabako Batzar Nagusietako prokuradoreak. Berarekin batera Alberto Porras Gasteizko EH Bilduko zinegotziak eman ditu plan horren xehetasunak. 2020ko azken datuen arabera, desgaitasun funtzionalen bat zuten 7.832 pertsonak prestazio ekonomikoren bat jasotzen zuten, 2.671 pertsonak egoitzaz kanpoko baliabideren bat erabiltzen zuten, 3.070 pertsonak balorazioa eskatu zuten eta beste 267 pertsonek plaza bat zuten egoitzetan. Baina baliabide horiek guztiak Gasteizen daude zentralizatuta, eta Añana, Mendialdea, Gorbeialdea edo Lautada eskualdeek, berriz, ez dute bizitegitarako plaza bakar bat, edo etxebizitzetan laguntza ematen dute. Eta beste sail batzuetan gertatzen den bezala, itxaron-zerrenda luzea dago eguneko zentroetara eta egoitzetara sartzeko.

Egoera horren aurrean, EH Bilduk plan estrategiko bat egin du, “dibertsitate funtzionala duten pertsona guztientzako ibilbideak” definitzean oinarritua. Bizibide, bizimodu independentearen bulego berri bat izango litzateke eredu berri horren oinarria. Bulego horren helburu nagusiak laguntza, aholkularitza, etxebizitza bilaketa eta laguntzen tramitazioa dira. Hortik aurrera, EH Bilduren ustez, funtsezko sei aldaketa egin behar dira: prozesua arintzeko balorazioak egiten dituen plantilla handitzea, arreta goiztiarra hobetzea, eguneko zentroetan nahiz beste bizileku batzuetan arreta-plaza berriak sortzea, eguneko arreta-zentroak berrikustea, gizarte- eta familia-laguntzako eredu berri bat sortzea eta lan-eskaintza dibertsifikatzea.

Gaur egun, 14 pertsonak osatzen dute Landaberde eguneko zentroko itxaronzerrenda, beste 34k Goizalde egoitzakoa eta beste 30ek plaza bat lortu nahi dute etxebizitza batean. Azken horietatik 17k bi urte baino gehiago daramate itxaron-zerrendan. Hori dela eta, EH Bilduren proposamena da egungo egoitzen eredua zainketa-etxeetan oinarritutako eredu bihurtzea (gehienez ere 25 plaza izango dituzte), auzoetan plazak sortzea eta dibertsitate funtzionala duten adinekoentzako bi aukera sortzea: egoitza espezializatuak eta egungo egoitzetan modulu bereiziak.

Baina, gainera, beharrezkotzat jotzen du laguntza duten etxebizitzetako plaza kopurua handitzea, eta “atseden unitateak” sortzea aldi horiei modu bereizian erantzuteko aukera emanez. “Gaur egun, egoitza bakoitzak plaza huts bat/bi ditu atseden zerbitzua betetzeko, nahiz eta egoitzarako itxaron zerrendak egon. Pertsona “berriak” etengabe sartzeak bertan bizi direnen eguneroko dinamika alda dezake. Horregatik, esperientzia pilotu bat sortzea proposatzen dugu, hau da, atseden-zerbitzuko pertsonentzako bakarrik egoitza bat, aldizkako arreta hori eskaintzeko baliabide berezi bat”, adierazi du Alberto Porrasek.

Azkenik, beste bi aldaketa nagusi proposatzen dira: eguneko arretarako zentroak birplanteatzea eta enplegu-politika berriak. Lehenengo kasuan, hamaika zentro daude, batez ere lan arlokoari zuzenduak. Egoera horren aurrean, EH Bilduren proposamena da, gaur egungoekin batera, bitarteko bizi-zentroak sortzea, modu independentean bizitzeko autonomia handiagoa lortzera bideratuak, eta beste batzuk parte-hartze soziokomunitarioa sustatzeko eta bultzatzeko, bizi-kalitatea hobetzeko ibilbide gisa, bereziki, gizartearen, harremanen eta kulturaren esparruan.

Bigarren kasuan, EH Bilduren ustez, zentro okupazionalak edo Indesa ez dira azken geltokia, baizik eta pasabide bat, pertsona horiei aukera emango diena gaur egungo gizarteratze ildoetan (akabera industrialak, sukaldea, ikuztegia, garbiketa eta lorezaintza) ez ezik, beste arlo batzuetan ere (kultura, zerbitzuen sektorea edo turismoa) trebetasunak eskuratzeko. Horretarako, EH Bildu Enplegu Aholkularitza sortzearen alde dago, indarrean dagoen legeriari buruzko informazioa eman eta enpresen lankidetza sustatzeko.