AKTUALITATEA


| 2021-11-19 11:25:00

Trebiñuko Udalak, osoko bilkuran, baztertu egin du Forestalia Renovables taldeak Zaragozatik Gasteizera sustatu duen goi-tentsioko linea. Kasu honetan, Arabako Errioxatik Jundizera iritsi arte Añana eta Trebiñu zeharkatu ditu. EH Bilduren esanetan, proiektuak ez du betetzen hirigintza-plangintzan xedatutakoa. Izan ere, Pangua eta Burgetan 41-50 metroko altuerako zortzi dorre dituen 4 km-ko linea instalatzeko asmoa dago. Dorreetako zazpi landalurrean daude, bat babes naturaleko lurzoruan eta bestea aztarnategi arkeologiko batean. Gainera, linea Burgetako hirigunetik 250 metro baino gutxiagora igarotzen da eta Burgeta eta Panguako sarbideak gurutzatzen ditu.

Baina udalerrian izango dituen inpaktuetatik haratago, EH Bilduren iritziz, titulartasun pribatuko eta sustatzailearen erabilera esklusiboko proiektu honek atea irekitzen du energiaren garraioa pribatizatzeko, orain arte, Espainiako Sare Elektrikoaren eskuetan egon dena. Are gehiago, proiektu hori ez dago jasota Estatuaren 2015/2020 aldiko plangintzan, ezta onartzeke dagoen 2021-2026 aldirako energia-planifikazio berrian ere.

EH Bilduren esanetan, ez da ebakuazio-linea bat, garraio-linea baizik eta jarduera hori egiteko baimenik ez du enpresa horrek. Hori gutxi balitz, linea horren garraio-ahalmenak aise gainditzen hainbat zentral fotovoltaiko eta eolikoetan sortu duen energia elektrikoa.

Trebiñuko Udaleko EH Bilduren bozeramale Ritxar Astegietak azpimarratu duenez, proiektu honek ez die erantzuten planetak klima-aldaketaren aurka dituen erronka globalei, ezta Agenda 2030ek sustatzen dituen printzipioei ere. “Kontsumo-zentroetatik urrun dagoen energia ekoizteko proiektu bat da eta garraioan energia asko galtzen da eta gure udalerrian inpaktu larrian izango ditu”, erantsi du Astegietak.