Zurbanoko bidegurutzearen hobekuntza Arratzua-Ubarrundiako hurrengo osoko bilkurara eramango du EH Bilduk. Hala jasotzen da Arabako Foru Aldundiari bidegurutze horretan "atzerapenik gabe" jarduteko eskatzen dion mozioan. Eskaeran biribilgune bat eraikitzeko aukera azter dezala eskatzen zaio. Horrela, A-2134 eta A-4001 errepideen arteko bidegurutzeari irtenbidea bilatu nahi dio EH Bilduk. Puntu horretan, istripuak gertatu ohi dira. Azkena urriaren 4an gertatu zen, eta bi pertsona zauritu ziren.
Arratzua-Ubarrundiako EH Bilduk gogorarazi du urteak daramatzatela bidegurutze horren arazoa pairatzen eta neurriak eskatzen. Hobekuntza batzuk egin diren arren, horiek ez dira nahikoak izan eta ez dute nahi zuten eragina izan. "Ez dakigu Arabako Foru Aldundiak puntu horretan esku-hartze bat egitea pentsatzen duenik segurtasuna hobetzeko, eta horregatik Udalak neurriak har ditzala eskatu nahi dizu", ziurtatu du Belen Pérez de Urrutiak.