Iñaki Gurtubaik zuzenketa egin eta barkamena eskatu ondoren modu publikoan zein pribatuan, EH Bilduk itxitzat eman du Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako foru diputatuak egindako adierazpenen inguruko polemika. Ondorioz, Arabako Ahaldun Nagusiari zuzendutako galderak erretiratzea erabaki du, azaroaren 5ean Arabako Batzar Nagusietan egingo den kontrolerako osoko bilkurari begira.
EH Bilduk galdera horiek erregistratu zituen foru diputatuak Pello Otxandiano Eusko Legebiltzarreko oposizioko lehen taldeko bozeramailea sare sozial batean iraindu ostean.
"Herrialdeko indar politiko nagusiok behin eta berriz esan dugu euskal politika beste leku batzuetan nagusi den toxikotasunaren aurrean blindatu behar dela. Euskal Herrian maila altuko politika bat gauzatzeko baldintzak daude, errespetuan oinarritua, deskalifikazioetatik eta difamaziotik aldendua", azaldu du Xabi Valdor EH Bilduko batzarkideak.
Ildo horretan, EH Bilduk berretsi egin du praktika politiko eredugarri batekin duen konpromisoa, eta alderdi politiko guztiei luzatu die gonbidapena helburu komun horrekin bat egiteko.