AKTUALITATEA


| 2023-03-25 11:29:00

Arabako Mendialdeko eskualdean zerbitzu publiko gehiago bultzatzeko konpromisoa hartu du EH Bilduk, Arabako Mendialdeko zenbait udalerritan eragiten duen despopulazioaren aurka borrokatzeko. Datozen udal hauteskundeetan Arraia-Maeztu, Bernedo eta Lagran udalerriko zerrendaburuekin bildu da gaur Eva Lopez de Arroyabe, Arabako Ahaldun Nagusia izateko hautagaia. Horien artean Maria Vallejo, Urtzi Gaintzarain, Oskar Korres eta Ruth Ibisate egon dira. Bileran Maite Melerok ere parte hartu du, Lur Jareetako zerrendaren kide kanpezuarra.

Aipatu dituzten gaien artean, Mendialdean adinekoentzako egoitza publikoa sortzeko beharra azpimarratu dute. Izan ere, Bernedoko egoitzan itunpeko plazak daude baina ez dago eskaintza publikorik, nahiz eta oso biztanleria zahartua izan. Era berean, eguneko zerbitzuak eta jantokiko zerbitzuak bultzatu behar dira.

Arreta berezia merezi dute Harana, Lagran eta Bernedo udalerriek, biztanleria oso sakabanatuta baitago eta, gainera, despopulazio-arrisku handia baitago. “Kasu honetan denbora daramagu udalerrien buruetatik zerbitzuak deszentralizatzearen alde, udalerri bereko herrien artean desoreka handiak daudelako” nabarmendu du Eva Lopez de Arroyabek.

Ahaldun nagusigaiak bi lan-ildo nagusi azpimarratu ditu: nekazaritzako elikagaien estrategia bultzatzea eta klima-aldaketaren aurkako borroka. Lehenengo kasuan, EH Bilduk nekazaritzako elikagaiak eraldatzeko zentro bat sortzea bultzatuko du, ehizatik eratorritako produktuentzat. Bigarren kasuan, Laminoriako eta Azazetako proiektu eolikoen aurrean, EH Bildu komunitate energetikoak bultzatzearen alde azaldu da eta bide horretan finantzazio handiagoa eta tokiko erakundeei, enpresei eta partikularrei aholkuak emango dizkien ofizial bat sortzea proposatu du.

Garrantzia berezia du ingurumen eta kultura balio handiak dituen horrelako eskualde batean turismoak. Kasu honetan, eskualdean baliabide turistiko berriak sortzea planteatzen da, hala nola Lucia Mehategia. Horrekin batera badaude bultzatu beharreko beste proiektuak, adibidez, asfaltoak interpretatzeko zentroa, Antoñanako Vasco Navarroren interpretazio zentroa edo Korresko Izki parketxea. Era berean, azpiegitura publikoak sustatzea proposatzen da, Kanpezun udal-aterpetxearekin edo autokarabanen aparkalekuarekin egin den bezala.