EH Bilduk Foru Gobernuarekin adostutako partidetako bat da, eta baliabide berriztagarriak aprobetxatzeko instalazioen bidez trantsizio energetikoa bultzatzea dute helburu, besteak beste
1,1 milioi euro izango dira guztira
Araba. 2025-05-06 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak jasangarritasun energetikoko ekintzak bultzatzeko laguntza-lerroaren deialdia aurkeztu du gaur. Laguntza horiek aurreko urtearekin alderatuta % 350 handitzea lortu du EH Bilduk, eta batzarkide taldeak eta Foru Gobernuak 2025erako sinatutako aurrekontu-itunean jasotako lehen neurria da.
Eva Lopez de Arroyabe EH Bildu Araba batzarkide taldeko bozeramaileak neurria martxan jarri izana azpimarratu du, taldearen bi apustu nagusi biltzen dituelako: trantsizio ekosoziala eta lurralde oreka: «Akordioa aurkeztu genuenean aurreratu genuen trantsizio ekosoziala eta lurralde oreka direla EH Bilduren lehentasunetako bi. Eta gaur onartzen den deialdi honetan biak uztartzen dira, jasangarritasun eta efizientzia energetikoko ekintzak bultzatzeko udalerri eta kontzejuei zuzendutako laguntza-lerro bat baita».
Funtsean, EH Bilduk lortu duena da 1.100.000 eurotik gorako aurrekontua nabarmen handitzea, iaz AFAk bideratu zuena ia % 350 handituz. Horri gehitu behar zaizkio hurrengo bi urteetarako konpromiso-kredituak, 2,2 milioi eurokoak. Baina, gainera, nabarmen igo da diruz lagundu daitekeen gehieneko ehunekoa, kasu gehienetan % 60tik % 85era. «Neurri honekin, baliabide ekonomiko gutxien dituzten toki entitateek klima aldaketaren aurkako borrokan aurrera egiten jarraitu ahal izatea erraztu nahi dugu», nabarmendu du Xabier Valdor EH Bilduren batzarkideak.
Dirulaguntzak udal eta kontzejuei zuzenduta daude, baina Valdorrek azken horien papera azpimarratu nahi izan du: «Hain zuzen ere, kontzejuak dira horrelako proiektuak finantzatzeko zailtasun gehien dituzten erakundeak. Hori dela eta, aurrekontuaren erdia Arabako kontzejuek egindako eskaeretarako gordeko da (550.000 euro baino gehiago), eta beste erdia udalen eskaeretarako. Aurkeztutako eta baliozkotutako eskaeretan oinarrituta, aurrekontu erabilgarri osoa lortzen ez bada, adibidez, kontzejuen kasuan, soberako kopuru hori udalen aurrekontua handitzeko erabili ahal izango da, eta alderantziz».
Berriztagarriak instalatzea
Deialdi honi esker, zortzi lan-ildo finantzatuko dira: inbentarioak eta azterketa energetikoak egitea, monitorizazio-ekipoak erostea, eguzki-energia elektrikoa publikoa, argiteria aldatzea, energia berriztagarrien bideragarritasun-azterketak, ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak instalatzea edo ibilgailu elektrikoak erostea.
Eva Lopez de Arroyabek tokiko erakundeak animatu ditu dirulaguntza horiek jasotzera, «tokikotik gure ekarpen txikia egin diezaiokegulako hain beharrezkoa den trantsizio ekologikoari». Bozeramaileak adierazi du datozen aste eta hilabeteetan onartuko direla abenduan aurrekontuetarako adostutako gainerako neurriak.
«EH Bildutik berriro diogu klima aldaketaren aurkako borroka dela gure lehentasunetako bat, eta hala erakutsi dugu esparru guztietan. Bereziki azpimarratu genuen aurrekontuen negoziazioan eta, azkenean, iragarri dezakegu gaur jarriko dela martxan ekimen horietako bat. Gainera, garrantzi berezia du, energiaren kontsumoa murriztea bilatzen baitu, hau da, EH Bilduk bultzatzen duen trantsizio ekosozialaren ardatz nagusietako bat izan behar duen neurrietako bat», ondorioztatu du Lopez de Arroyabek.