Ponentziaren helburua da desgaitasuna dutenen kolektiboak eta haien familiek alderdi garrantzitsuetan jasaten dituzten zailtasunak eta oztopoak identifikatu eta zehaztu ahal izatea da, hobekuntzak proposatzeko
Araba. 2025-08-05 | EH Bildu batzarkide taldearen ekimenez, Arabako Batzar Nagusietako Gizarte Politiken Batzordeak ponentzia bat sortzea erabaki zuen, lurraldean desgaitasuna duten pertsonen egoera eta jasotzen dituzten prestazioak aztertzeko. Ponentzia hori sortzea onartu ondoren, bihar bilduko da lehen aldiz bere lan-plana diseinatzeko.
Claudia Venceslao EH Bilduko batzarkide taldeko bozeramailea ilusioz agertu da ponentziaren hasieran, eta «hobetzeko erronka» gisa deskribatu du. Adierazi duenez, «batzorde txostengile honek dibertsitate funtzionala duten pertsonen errealitatea aztertu eta diagnostikatuko du, eremu guztietan beren bizi-ibilbidea garatzeko kolektibo horrek eta haren familiek alderdi garrantzitsuetan jasaten dituzten zailtasunak eta oztopoak identifikatu eta zehazteko». Diagnostiko hori egin ondoren, ponentziaren helburua izango da foru erakundeak kolektiboari eskaintzen zaion arretari eman beharreko erantzuna planteatzea eta planifikatzea.
Metodologiari dagokionez, EH Bilduk proposamen zabala eta anitza eramango du lantaldera. Venceslaok adierazi du proposatuko dutela ordezkari instituzionalak ager daitezela, hala nola Desgaitasuna duten Pertsonen Arloko zuzendariordea, INDESAko zuzendari gerentea edo Hezkuntza Premia Berezien Berritzeguneko ordezkaria, baina batez ere sektoreko kolektiboei eta langileei ahotsa ematen saiatuko direla. Hala, beste batzuen artean, hirugarren sektoreko kolektiboek parte hartzea proposatuko dute, hala nola Autismo Araba, ASPASOR, Asociación Daño Cerebral Araba (ATECE) edo Eginaren Eginez, bai eta GOFEko langileen batzordeak, INDESAko enpresa-batzordeak eta Arabako Desgaitasunari buruzko I. Hitzarmena sinatu duten sindikatuetako ordezkariek ere, langileen ordezkari gisa. Biharko saioan, gainera, batzarkide talde bakoitzak bere agerraldi-proposamenak aurkeztuko ditu.
Claudia Venceslao bera izango da ponentziaren koordinatzailea, eta urtebeteko epean irtenbideak inplementatzen hastea aurreikusten du, diagnostikotik abiatuta. Horretarako, EH Bilduk 12 saioko egutegi trinkoa proposatuko du abendura bitartean, hilean bi bilerarekin. Horrek aukera eman beharko luke txostenaren ondorioak 2026ko urtarrilean aurkezteko.
«Uste dugu ponentzia bat dela tresnarik erabilgarriena, diagnostiko bat egiteko aukera ematen digulako eta Arabako dibertsitate funtzionalaren arretaren egungo beharrizan eta gabeziei epe labur, ertain eta luzera irtenbideak planifikatzeko atea irekitzen digulako», ondorioztatu du Claudia Venceslaok.