AKTUALITATEA


| 2022-08-10 12:29:00

Azken hilabeteotako lehortearen ondorioz suteak ugaritu dira eta klima aldaketak ekarriko dituen ondorio latzak kontuan izanda, EH Bilduk suteei aurre egiteko politika, protokoloak eta baliabideak berrikustea eskatu dio Arabako Foru Aldundiari. Ildo horretan, mozio bat erroldatu du Arabako Batzar Nagusietan, besteak beste, urriaren 30a baino lehen baso-suteak prebenitzeko plan berezia aurkez dezala eskatuz.

Aurrekoaren ildotik, bereziki udari begira baso-brigadak sortzeko aukera aztertzea eskatu du EH Bildu Araba batzarkide taldeak. Era berean, 2023ko aurrekontu proiektuan partida berriak ezarri ditzala eskatu du batetik uda honetan erretako natur guneak leheneratzeko eta, bestetik, baso-suteak prebenitzeko plan berezi hori eraginkortasunez gauzatzeko eta lehen sektorean suteek eragindako kalte ekonomikoak arintzeko.

Baina azken sute hauek Arabako Suhiltzailak Foru Erakundearen hainbat gabezia agerian utzi dute. Batetik, txanda guztietan eta parke guztietan ez dagoela bermatuta modu iraunkorrean lau suhiltzaile egotea eta, bestetik, aire baliabideen gabezia. Azken hau konpontze aldera, beste Foru Aldundiekin elkarlanean, urgentziazko neurriak eta inbertsioak egitearen beharra azpimarratu du EH Bilduk.

Azkenik, EH Bilduk egoera zail honetan Arabako Suhiltzaileak zein Lehen Sektoreko pertsonak egiten ari diren lana eskertu nahi izan du. “Gure elkartasuna adierazi nahi diegu suteak pairatzen ari diren herritar guztiei eta eskerrak eman nahi dizkiegu suhiltzaile zein nekazariei egindako lan nekaezinagatik. Zoritzarrez, lehortaren ondorioz eta klima aldaketaren ondorioz suteak ugarituko dira eta gure instituzioak behar diren baliabide guztiak bermatu behar dituzte”, esan du EH Bilduko batzarkideak Eva Lopez de Arroyabek.