AKTUALITATEA


| 2022-06-13 17:40:00

EH Bildu Araba batzarkide taldeak galdera batzuk erregistratu ditu gaur kontrolerako osoko bilkurarako, gizarte-bazterketa larrian dauden pertsonen arretan Foru Aldundiak duen planifikazio faltari buruz.

Espetxeen eskumena eskualdatzearen ondorioz presoei arreta emateko etxebizitzak Eusko Jaurlaritzak kudeatuko dituela jakinik, uztailaren batetik aurrera galdu egingo dira pisu horietan dauden plazak, eta ez dira baliabide horiek ordeztuko.

Aldundiak zituen 5 etxebizitzek 19 pertsonari ematen zieten arreta, eta orain Besarkada Etxeak emango die arreta gizarte-bazterketa larrian dauden pertsonei; etxe horrek 14 plaza baino ez ditu. Aurretik eginiko beste galdera batzuei erantzunez, Sailak iragarri du aurten 13 plazako baliabide bat ezarriko dela, baita pisu pilotu bat ere, baina ez du datarik iragarri. Horregatik, EH Bilduk jakin nahi du zein data aurreikusten den aipatutako baliabideak martxan jartzeko.

Eusko Jaurlaritzak berak ohartarazi zuen Gizarte Zerbitzuen I. Plan Estrategikoaren 2021eko ebaluazioan kolektibo horri arreta emateko plazarik ez zegoela, eta, beraz, EH Bilduk ohartarazi du «aurreikuspen falta larria» dagoela egoitza-baliabideen kudeaketan.

Claudia Venceslao EH Bilduko prokuradoreak salatu duenez, «2021eko urritik jakina zen eskumenak etorriko zirela eta pisu horiek Eusko Jaurlaritzak kudeatuko zituela». Venceslaok ere salatu du «Foru Aldundiaren konpromisorik eza, gizarte-bazterketa egoeran dauden pertsonen arretan gabezia historikoak izanik, 13 plazako zentro bat baino ez baitu ezarriko, orain arte 19 plaza zeudenean».