AKTUALITATEA


| 2025-12-04 11:38:00

Eva Lopez de Arroyabe: "Foru Gobernuak ez du negoziatzeko eta adostutakoa betetzeko borondaterik erakutsi, eta are gutxiago bere politikak neurri ausart eta eraldatzaileekin birbideratzen jarraitzeko"

Araba. 2025-12-04 | Gaur eguerdian amaitu da datorren urterako Foru Gobernuaren aurrekontu proiektuari zuzenketak aurkezteko epea, eta, azken asteetako bileren bilakaeraren eta Aldundiak politika publikoak bideratzen jarraitzeari etengabe uko egin izanaren ondorioz, EH Bilduk osoko zuzenketa aurkeztea erabaki du. Izan ere, prozesua hasi zenetik ez du antzeman EAJk eta PSEk osatutako Foru Gobernuak negoziazio prozesu bati ekiteko benetako borondaterik. Hasiera batean, Ahaldun Nagusiak aurrekontu-proiektua babestea eskatu zuen, kontuak ikusteko aukerarik eman gabe, eta, izapidetze-fasea hasi zenetik, ez die erantzunik eman egindako proposamenei. "Hasieratik borondatea izan dugu eta elkarrizketa zintzoa ireki nahi izan dugu, baina beste aldean erabateko interes falta aurkitu dugu EH Bildurekin akordio bat bilatzeko", azaldu du Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduk Arabako Batzar Nagusietan duen bozeramaileak. Ildo horretan azpimarratu duenez, "aurkeztu ziguten proiektuak gabezia handiak ditu, baina aldaketa esanguratsu bat planteatzeko aukera txikienaren aurrean, Gobernuak erabateko itxikeria adierazi du, eta, beraz, ez du zentzurik bide horretan jarraitzeak".

Hori gutxi balitz, indarrean dauden aurrekontuen betetze-maila ez da espero zitekeena izan. Irailean, EH Bilduk bi gai azkartu behar zirela ohartarazi zuen: Kanpezun adinekoentzako plaza publikoak sortzeko proiektua eta trantsizio ekosozialaren arloko eztabaida-prozesuak abian jartzea. Ahaldun nagusiak bere hitza beteko zuela iragarri zuen modu publikoan zein pribatuan, baina gaur da eguna bi proiektuak geldirik daudena. "Badirudi urteak aurrera egin ahala Aldundia konturatu dela badagoela politika horiei aurre egiteko beste modu bat, urteetan ezarri denaren aldean, eta neurri horiek egingarriak izateaz gain, beharrezkoak ere badirela. Horrela bakarrik uler daiteke azken hilabeteetan izan den geldialdia", esan du Lopez de Arroyabek.

"Osoko zuzenketa honen bitartez, argi utzi nahi dugu jarrera honekin ez dagoela negoziazioekin jarraitzeko modurik", azaldu du bozeramaile independentistak, eta Ahaldun Nagusiari mezu bat helarazi nahi izan dio: "Arabak aurrera egin dezan, beharrezkoa da jarrera aldatzea".

Zentzu horretan, eta "jarrera aldaketa hori" datozen egunetan izango delakoan, osoko zuzenketarekin batera, EH Bilduk beste 23 zuzenketa partzial aurkeztu ditu, baita beste bost ere testu artikulatuari, diru hornidurarik gabeko konpromiso politikoak adierazten dituztenak. Zuzenketa horiekin, EH Bilduk lurraldearentzat funtsezkoak diren sei erronkatan jarri nahi izan du arreta: etxebizitza, zaintzak, industria, trantsizio ekosoziala, lurraldeen arteko oreka eta balioen borroka. Iazko akordioari esker, EH Bilduk hainbat politika publiko birbideratzea lortu zuen, eta aurtengo negoziazioari begira horretan sakontzea da helburua.

Etxebizitzaren arloan, EH Bilduk proposatu du Araba(n) Bizi Bedi programaren bidez etxebizitza sozialak eta gazteentzako etxebizitzak sustatzeko udalerrientzako finantziazio-lerroa 1,2 milioitan hobetzea eta handitzea. Baina, horrez gain, Arabako Foru Aldundiak badu etxebizitzaren merkatuan eragiteko tresna eraginkor bat. Horregatik, zerga-arloko neurriak martxan jartzea ere proposatu du, etxebizitzen salmentaren espekulazioa geldiarazteko eta alokairuan gehiegizko errentak saihesteko.

Gizarte Politiketan, aurrekontua guztizkoaren ia % 52 den arren, pribatizazioa gero eta handiagoa da. Horregatik, EH Bilduk proposatu du zaintza-zerbitzuak ematean irabazi-asmoa arau bidez ezabatzea. Gainera, EH Bilduk aurrera egiten jarraitu nahi du Arabako kuadrilla guztietan egoitza-baliabide publikoak sortzeko, eta Gorbeialdean egoitza bat sortzea proposatu du. Azkenik, aurten, eta egoitza pribatuen lehen hitzarmena sinatzeko oraindik akordiorik lortu ez denez, Foru Gobernuak ahaleginak areagotu behar ditu dagoeneko urte gehiegi luzatzen ari den egoera hau behin betiko konpontzeko.

Industria arloan, EH Bilduk Aiaraldea berrindustrializatzeko eta deskarbonizatzeko plan espezifiko bat abian jartzearen alde egin du, bi lan-ildo nagusirekin: bata, industrialdeak berritzeko ildo espezifiko bat sortzea, eta, bestea, 3,5 milioi bideratzea deslokalizazioa saihestu eta proiektu industrial berriak sustatzeko funts bat sortzeko.

Aurrekontu horietan sartzen den laugarren ardatza trantsizio ekosozialarena da. Klima aldaketaren aurkako borrokan milioi bat euro baino gehiago murriztu direla ikusita, EH Bilduk plan estrategiko bat proposatu du Arabako deskarbonizaziorako, eta 400.000 €-an handitzea toki entitateei bide horretan aurrera egiten laguntzeko finantzazio lerroa. Gainera, mugikortasunari dagokionez, 15 urtetik beherakoentzako AlavaBus zerbitzua doakoa izatea proposatu du. Lehen sektorean, sektorea birmoldatzeko proiektuak abian jartzea eta Lurra izeneko agentzia publikoa sortzea nabarmentzen dira, lurzoruaren kudeaketan laguntzeko.

Udal-finantzaketari dagokionez, iaz azken hamarkadako igoerarik handiena lortu ondoren, orain da unea jauzia egiteko eta udalei finantza-autosufizientzia handiagoa eta hobea bermatzeko. Horretarako, udal guztiek jasotzen duten esleipen finkoa 80.000 euroraino handitzea proposatzen du, edozein tamainatakoak izanda ere.

Azkenik, borroka kulturalean eta balio demokratikoen defentsan, EH Bilduk politika feministak zeharka gauzatzearen aldeko apustua egin du, eta, horretarako, gobernuari berdintasunerako zuzendaritza propioa sortzea eta gainerako sailei arlo horretan gaitutako teknikariekin hornitzen hastea proposatu dute.