EH Bilduk Arabako lurralde historiko osorako neurri zehatzen dekalogoa aurkeztu du, osasun arreta publikoaren kalitatea eta irismena hobetzeko. Izan ere, Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduren Arabako ahaldun nagusigaiak adierazi duen bezala, beharrezkoa da osasun publikoaren hondamena gelditzea eta konponbideak eskaintzea: «herritarrak nazkatuta daude osasun-babeserako sistema ahultzen duten erabakien etengabeko hondamenarekin. Are gehiago, Gasteizko Udalean eta Foru Aldundian EAJren eta PSEren gobernuen isiltasun konplizearekin».
Horregatik, gaur, Lopez de Arroyabek eta Rocio Vitero EH Bilduren Gasteizko alkategaiak lurraldeari eta hiriburuari begirako dekalogoa aurkeztu dute. Viterok ziurtatu du EH Bilduk osasun publiko eta indartsu batean sinesten duela, herritarren ongizatearen oinarrizko zutabe gisa. «Azken urteotan EAJk eta PSEk izan duten utzikeriaren aurrean, EH Bilduk Gasteizko Udala eta Arabako Foru Aldundia eragile aktibo bihurtzearen aldeko apustua egin du, irtenbideak emateko eta osasun sistema publikoaren kalitatea hobetzeko. EH Bilduren konpromisoa beti herritarren osasunerako eskubidea defendatzea da».
Horrela, narriadura berreskuratzeko eta arreta duintzeko proposatutako neurrien artean, EH Bilduk Santiago Ospitaleko Larrialdi Zerbitzua herritar guztientzat berriro irekitzea proposatu du; Etengabeko Arretako Guneei dagokienez, berriz, San Martingo EAG berriro irekitzea proposatu du, eta Olagibelgo EAGk 24 orduko arreta eskaintzea. Ildo horretan, Viterok defendatu du ezinbestekoa dela udalak udalerriari beharrezko osasun-azpiegiturak ematea, adibidez, Alde Zaharreko osasen zentroa lehengo hospizioaren eraikinera lehenbailehen eramatearen alde eginez, eta Olarizuko zonaldea anbulategi duin batez hornituz. Ildo beretik, Sansomendiko edo Pilarreko osasun zentroek dituzten gabeziak konpontzeko beharra azpimarratu du.
Arabako lurralde historikoari dagokionez, López de Arroyabek azpimarratu du lehen mailako arreta hobetu eta indartu behar dela, errefortzu bat planifikatuz eta etxeko ospitaleratzearen aukera Lurralde Historiko osora zabalduz. Gainera, landa eremuan bizi diren emakumeen eskaerei erantzunez, EH Bilduk mamografo ibiltari bat martxan jartzea proposatu du, mamografia bezalako ohiko kontuetarako ehunka emakumek Gasteizera egin behar dituzten lekualdaketei amaiera emateko.
Aiaraldean, EH Bilduk etorkizuneko Laudioko Osasun Zentroari eskualde-ikuspegia ematearen alde egin du, eta, horretarako, eskualdearentzat beharrezkoak diren zerbitzuak zehaztuko dituen azterketa sakona egitea proposatu du, eraginkortasuna eta hurbiltasuna bermatuz.
Ahaldun nagusigaiak Lezako Ospitalea, behingoz, eskualdeko ospitale bihurtzea proposatu du. Gainera, hautagaiak defendatu du Arabak hirugarren anbulantzia medikalizatu bat izan behar duela, egunean 24 orduz herritarren eskura egongo dena eta Lezako ospitalean bertan kokatuko dena, herrialdearen hegoaldeari zerbitzua emanez eta Gasteizi behar den guztietan laguntza indartuz.
Azkenik, López de Arroyabek berak esan du kezkaz jarraitzen dutela Arabako ospitale psikiatrikoan izan daitezkeen murrizketei buruzko azken berriak: «Adi egongo gara murrizketarik gerta ez dadin eta antolaketan edozein aldaketa beti egin dadin asistentzia psikiatriko publikoa hobetzeko eta handitzeko».