AKTUALITATEA


| 2022-11-29 10:23:00

Araba. 2022-11-29 | EH Bildu Araba batzarkide taldeak hiru bloke handitan egituratu ditu 2023ko foru aurrekontuei egingo dizkien ekarpenak: Arabako gizartearen ongizatea babestea, bertan sortutako aberastasunaren banaketa hobetzea eta Lurralde Historikoaren erronka estrategikoei aurre egitea. Iragarri dute, halaber, arratsaldean bertan bilduko direla Foru Gobernuarekin proposamen horiek helarazteko.

Eva Lopez de Arroyabe EH Bilduren Arabako batzarkideak esan du Foru Gobernuak aurkeztutako aurrekontua «kontinuista» dela, eta ez duela balio errezeta zaharrek errealitate berriei aurre egiteko. Zentzu horretan, pandemia, Ukrainako gerra edo krisi klimatikoa aipatu ditu, azalarazi den errealitate horren eragile gisa.

Hala, adierazi duenez, «EH Bilduren asmoa da Araba datorren legegintzaldian gobernatzea, bakarrik edo beste indar politiko batzuekin elkarlanean, eta, beraz, erantzukizunetik abiatuta, Foru Gobernuari hainbat proposamen helaraziko dizkiogu hiru ardatzetatik: Arabako herritarren ongizatea bermatzea, bertan sortutako aberastasuna hobeto banatzea eta lurraldearen erronka estrategikoei aurre egitea».

Gizarte-politikei eskainitako lehen bloke handian, Lopez de Arroyabek pertsonen zaintzan inbertitzeko beharra nabarmendu du: «Apustu egiten dugu, adibidez, San Prudentzio egoitza erreferentziazko zentro gisa finkatzearen alde. Jakina, zaintzaren sektore profesionalak hobetzea izango da gure beste lehentasunetako bat. Oro har, 11 milioi inguruko gizarte-politiken aurrekontuaren aldaketez ari gara, partidak handitzearen, sortzearen eta birbanatzearen artean». Horretarako, plaza pribatuen finantzaketak plaza publikoen mesedetan duen pisua murriztea planteatu dute, besteak beste.

Aberastasunaren banaketa

Kike Fernandez de Pinedo batzarkide taldeko bozeramaileak nabarmendu du beharrezkoa dela Araban sortutako aberastasuna banatzea, gaitasun handiena duenak ekarpen handiagoa egin dezan, larrialdi sozial eta ekonomikoko une honetan. Ildo horretan, Sozietateen gaineko Zergan gutxienez % 15 aplikatzea proposatu dute, baita zerga ezkutua ezabatzea edo deflaktazioa errenta txikienei aplikatzea ere. Hori guztia, taldeak irailean egin zuen erreforma fiskalaren proposamenarekin bat etorriz.

Lurraldearen erronka estrategikoei dagokienez, Fernandez de Pinedok krisi klimatikoan sakondu du, eta Aldundiaren jabetzako eraikinetarako autohornidura-plan bat proposatu du, autokontsumoko esperientziak edo komunitate energetikoak sustatzearekin batera. Fernandez de Pinedok nabarmendu du «sinesgaitza» dela 2023ko aurrekontuek iazko partida bera jasotzea komunitate energetikoak sortzeko, «jende asko itxaron-zerrendan geratu zenean, bere energia-komunitatea sortzeko laguntzarik jaso ezinik». Horrekin batera, Arabarako nekazaritzako elikagaien estrategia bat ezartzeko partida bat proposatu dute, hurbileko eta bidezko kontsumoa bultzatzeko.

Lurraldearen eraldaketa EH Bilduren kezka bat da, eta aurrekontu honetan ez dira islatzen «Arabak behar dituen benetako aldaketa sakonak». Hala, Aiaraldeko suspertze sozioekonomikorako eta Basquevolt bateria elektrikoen instalaziorako partidak proposatu dituzte.

Azkenik, eta EH Bilduk Estatuko aurrekontuetarako erabakitakoaren ildotik, EH Bildu Arabak martxoaren 3ko memorialerako eta Asparrenako konpostatze plantarako partidak handitzea proposatu du.