AKTUALITATEA


| 2025-04-24 09:28:00

Miranda eta Altsasu arteko aldiriko zerbitzua lehenbailehen martxan jartzeko eskatu dio gaur EH Bilduk Eusko Jaurlaritzari. Izan ere, joan den 2025eko urtarrilaren 1ean, Eusko Jaurlaritzak bere gain hartu zuen aldirietako tren-zerbitzuen eskumena, eta udaberri honetarako zerbitzu hori martxan egongo zela agindu zuen. Baina, oraingoz, ez dago martxan jartzeko datarik. "Eusko Legebiltzarrean egindako azken kontrol osoko bilkuran, eta EH Bilduren galderei erantzunez, sailburua ez zen gai izan martxan jartzeko datarik emateko. Horregatik, Arabako erakundeetatik azkartasuna eskatu nahi diogu Eusko Jaurlaritzari, baita prozesu hau guztia gure erakundeekin kontatuz egin dadila", gogorarazi du Rocio Vitero EH Bilduk Gasteizko Udalean duen bozeramaileak.


Bestalde, EH Bilduk Arabako Batzar Nagusietako bozeramaileak gogorarazi du ez dela bete 2024ko ekainean onartutako mozioa. Bertan, besteak beste, erakunde arteko lantalde bat martxan jartzea proposatu zen, bai erakunde eskudunekin, bai zerbitzu hori martxan jartzeko hala eskatzen duten Arabako udalerriekin. "Horretarako sei hilabeteko epea ezarri bazen ere, orain arte ez da jakin lantalde hori sortu denik", nabarmendu du Lopez de Arroyabek.


Era berean, gogorarazi du mozio horretan Eusko Jaurlaritzari eskatzen zitzaiola Arabako Lurralde Historikoko geltoki eta/edo geraleku guztien inbentarioa egiteko, eskura ditugun azpiegiturak eta egungo egoera ezagutzeko, eta, udalerriekin lankidetzan, trenbide-zerbitzu berri horren barruan geltoki berriak ezartzeko aukera eta beharra aztertzeko, bereziki industrialdeetan.


"Ia urtebete igaro den honetan, kezkaz ikusten dugu erreklamazio horiek ez direla bete. Gure ustez, Araba erdialderako aldiriko trena funtsezko elementua da lurraldearen kohesioan eta mugikortasun jasangarria barmatzeko; horregatik, ez dugu ulertzen gai horretan izandako atzerapena eta azalpenik eza. Egoera horren aurrean, ez gara geldirik geratuko, eta, horregatik, gaur iragarri nahi dugu berriro eskatuko diegula erakundeei arabarren beharrei erantzuteko eta adostutakoa betetzeko ", azpimarratu du EH Bilduren bozeramaileak Arabako Batzar Nagusietan.

Horrela, EH Bilduk ekimen bat eramango du Arabako Batzar Nagusietara eta Gasteizko Udalera, erakunde arteko lantalde hori abian jartzeko, geldialdien inbentarioa egiteko, zer hobekuntza egin behar diren aztertzeko, geraleku berrien ezarpena aztertzeko eta prozesu hori guztia trenbide-korridoreko tokiko erakundeekin lankidetza estuan egiteko.
"EH Bilduk beti bultzatu du zerbitzu hori eraginkorra delako eta korridore horretan bizi eta/edo lan egiten dutenei kalitatezko zerbitzua eman ahal izango dielako. Trena garraiobide eraginkorra eta efizientea dela uste dugu eta Arabako lurraldearen zati handi baten mugikortasuna erraztuko du", amaitu du Viterok.