AKTUALITATEA


| 2023-09-27 16:04:00

EH Bilduk Osasun Sailak Txagorritxuko eta Santiagoko larrialdietako ebakuntza-geletan egindako murrizketak berraztertzea eskatuko die erakundeei. Izan ere, Osasun Sailak gaueko txandan larrialdeko ebakuntzak artatzen zituen erizaintzako bi taldeetako bat kentzea erabaki du. Dagoeneko eskaera EH Bilduk erregistratu du Eusko Legebiltzarrean, Arabako Batzar Nagusietan eta Gasteizko Udalean.

Era berean, EH Bilduk ohartarazi du Santiago eta Txagorritxu ospitaleak bateratzeko prozesuaren ondorioz zerbitzuak murrizten ari direla eta Santiago Ospitalea bereziki husten ari direla. Horri gehitu behar zaizkio San Martingo EAG eta Santiago Ospitaleko larrialdiak erabat ixtea eragin duten Plan Funtzional berriak ekarri dituen bestelako murrizketak.

Hori dela eta, EH Bilduk Osasun Sailari eskatu dio atzera egin dezala azken urteotan Gasteizen ezarri dituen osasun arretaren murrizketetan, Santiago Ospitalean herritarrei eman beharreko zuzeneko arreta ahalik eta azkarren berreskuratzeko eta San Martingo Etengabeko Arreta Gunea berriro irekitzeko.

EH Bilduk azpimarratu duenez, murrizketa horiek guztiek herritarrentzako arreta okertzen dute eta arriskuan jartzen dute pazienteen osasuna eta segurtasuna.